AKTUALITATEA / Lan-erailketak
Langile bat hil da Doneztebeko errepide batean, makina batek harrapatuta
42 urte zituen beharginak, eta Barañaingo bizilaguna zen. Aurten, gutxienez 67 lan-heriotza izan dira Euskal Herrian.
2022eko azaroaren 17
Langile bat hil da Doneztebeko errepide batean, makina batek harrapatuta
— ARGAZKIA Nafarroako Suhiltzaileak

Atzo, azaroaren 16an, 42 urteko langile bat hil zen N-121-A errepideko obran, Doneztebe (Nafarroa) parean. Zehazki, bidea asfaltatzeko lanetan ari zen behargina, eta makina zapalgailu batek harrapatu zuen 13:30ak aldera, Kontxako zerbitzugunetik hurbil. Obrak aurrera jarraitu zuen langilearen heriotzaren ostean.

Iturri sindikalen arabera, urtea hasi zenetik, gutxienez 67 behargin hil dira Euskal Herrian euren lanpostuan, lanera bidean edo lanetik bueltan.