AKTUALITATEA / Errepresioa
Korrikan presoen irudiak ikusi izana ikertzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak
UPNk jarritako salaketaren ondorioz, ikerketari ekiteko eskatu die auzitegiak Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari. Voxek ere jo zuen epaitegietara preso politikoen irudiak zirela-eta.
2026eko apirilaren 9 - 07:16
Korrikan presoen irudiak ikusi izana ikertzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak
2019ko Korrika, Mauletik igarotzean. — ARGAZKIA X-tik hartutakoa

Martxoaren 18tik 29ra bitartean izan da Korrikaren 24. edizioa, eta bertan ikusi diren hamaika aldarrien artean euskal presoak oroitu izana ikertuko du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Hainbat hedabidek atzo arratsaldean jakinarazi zutenez, Korrikan presoen irudiak azaldu izana aztertzeko agindua eman du auzitegiak, iritzita posible dela "terrorismoari gorazarrea" eta "biktimen umiliazioa" egon izana. Epailearen iritziarekin bat dator fiskaltza, eta Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren esku egongo da ikerketa.

Badirudi UPN alderdiak ipinitako salaketaren ondorio izango dela ikerketa. Diario de Navarra-k jaso zuenez, Korrika Iruñetik igaro zenean "terrorismoaren biktimak umiliatzeari" lotutako delitu bat izan zela salatu zuen UPNk, Txantrea auzoan Patxi Ruiz preso politikoaren argazki bat atera zutelako batik bat. Argazkia eraman zuten pertsonak identifikatzeko eskatu zuen alderdiak.

Cristina Ibarrolak, UPNko presidenteak, "ikerketa amaieraraino" eraman dadila eskatu zuen atzo. Korrikaren antolatzaileek "barkamena publikoki" eskatu dezatela eta "etorkizunean halako gertakariak" ez errepikatzeko "neurriak har" daitezela exijitu zuen, baita Korrikari dirulaguntzak eman dizkioten erakundeek dirua itzultzeko eskaera egin dezatela ere.

UPN ez da auzitegietara jo duen alderdi bakarra, dena den: Voxek ere aurkeztu zuen salaketa bat, Korrikan ikusi ziren presoen irudiak zirela-eta. Aipatu zuen  Donostian hainbat preso ohik lekukoa eraman zutela, Iruñerrian Patxi Ruizen irudia azaldu zela, eta Getxon, Berangon nahiz Lasarten aldarriak agertu zirela.