Gasteizen (Araba), udala gero eta kontrol-kamera gehiago jartzen ari da espazio publikoan. Kontrol soziala salatzeko, Alde Zaharreko hainbat kameratan sabotaje-ekintzak egin dituzte berriki: Hala Bedi-k jaso duen bideo batean ikus daitekeenez, kamerak kaleko zer tokitan dauden seinalatu dute hainbat gaztek, eta margoz markatu dituzte gailuak.
Udal-taldeek ez dute denbora asko behar izan protesta-ekintza kriminalizatzeko. Maider Etxebarria (PSE-EE) alkateak berak jakinarazi duenez, gazteen protesta gaitzesteko adierazpen bat onartu dute dagoeneko PSE-EEk berak, EAJk eta PPk.
Gasteizko Gaztetxeak mobilizazio-deialdi bat dauka egina larunbat honetarako, ekainaren 19rako, eta testuinguru horretan izan da kamerak seinalatzeko sabotaje-ekintza. Larunbateko manifestazioan, hain zuzen ere, "eraso polizialei aurre egiteko, kamara berrien ezarpena salatzeko eta inposatu nahi diguten kontrol sozialaren aurka borrokatzeko" hartuko dituzte kaleak; 19:00etan aterako da mobilizazioa Gaztetxetik. Aurreko hilean eman zuten deialdiaren berri, jazarpen polizialaren aurkako beste protesta baten amaieran.