AKTUALITATEA / Preso politikoak
Kartzelan jarraitu beharko du Xabier Atristain preso politikoak
Hirugarren gradua behin-behinean baliogabetuta, iazko urrian espetxeratu zuten berriz donostiarra. Bigarrenez onartu dute Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak exijitutako gradu erregresioa, eta preso mantenduko dute, beraz, Atristain.
2023eko uztailaren 27
Kartzelan jarraitu beharko du Xabier Atristain preso politikoak

Bigarren graduan mantenduko dute Xabier Atristain preso politikoa, eta Martuteneko (Gipuzkoa) espetxean gatibu jarraitu beharko du. Beste behin, donostiarra hirugarren graduan sartzeko bidea eten du Espainiako Auzitegi Nazionalak, fiskaltzak aurkeztutako helegitea onartu eta gradu erregresioa ezarri baitu bigarren aldiz.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak 2022. urtearen hasieran zigortu zuen Espainiako Estatua, 2010ean ez ziolako abokatua hautatzeko aukerarik eman Atristaini. Horren ondorioz, iazko otsailean utzi zuten aske. Hilabete gutxira, iazko ekainean, Auzitegi Gorenak esan zuen ez zegoela donostiarrari jarritako zigorra berrikusteko arrazoirik, eta berriz atxilotu eta espetxeratu zuten.

Uztail horretan, Atristain hirugarren graduan sailkatzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak. Erabaki hori, baina, atzera bota zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak iazko urrian: fiskaltzak hirugarren graduaren kontra jarritako helegitea onartu eta, behin-behinean behintzat, Martutenera itzularazi zuten preso politikoa.

Hurrengo hilabetean, iazko azaroan, bere egoera berrikusi zuen Martuteneko Tratamendu Batzordeak: berriz proposatu zuen Atristain hirugarren graduan sartzea. Lakuak proposamena onartu zuen, baina horren aurkako beste helegite bat aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak. Horixe bera da auzitegiak orain onartu duen eskaera; Atristain bigarren graduan eta, beraz, espetxean mantenduko duena.

2010ean atxilotu zuten donostiarra, eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz inkomunikatu zuten. Atxiloaldian torturak jasan zituela salatu zuen; hala ere, ETAko kide izatea leporatuta espetxeratu zuten. Hamazazpi urteko kartzela-zigor bat ezarri zioten.