Gasteizko Mercedeseko suhiltzaile industrialek urtarrilaren 15ean jo zuten greba mugagabera, euren lan-baldintzen eta segurtasunaren defentsan. Bada, euren aurkako neurriak hartu ditu Mercedesek: apurtu egin du Previnsarekin zuen kontratua, suhiltzaileak kalera bidali ahal izateko, atzo bertan salatu zutenez. Izan ere, orain arte Previnsa azpikontratak kudeatu du suhiltzaileen zerbitzua, eta bertako plantilla osoa (27 suhiltzaile) kaleratu dute azpikontratazio-ituna haustean. Beharginek salatu dutenez, "lan-gatazkari irtenbidea emango zion aurreakordio bat ixteko" atarian zeudela heldu da kaleratzea.
Hitzarmenari buruzko negoziazioaren testuinguruan ekin zioten grebari suhiltzaileek, hilabete luzetako blokeoaren ostean. Seinalatu zuten euren lan-baldintzek okerrera egin zutela zerbitzuaz Previnsa arduratzen denetik: lan-karga, zerbitzuan izaten zen "kolapso teknikoa eta operatiboa" eta segurtasun falta nabarmendu zituzten, baita enpresak negoziatzeko erakutsitako borondate falta ere. Langileek borroka egin eta greba bi hilabetez luzatu ostean, bazirudien akordio bat gertu zegoela, baina Mercedesek orduan erabaki du Previnsarekin kontratua moztea, "zerbitzua ematean urraketak" egin dituela argudiatuta.
Suhiltzaileek idatzi baten bidez azaldu dute euren "greba eskubidea eta negoziazio kolektiborako eskubidea" urratzen dituela neurriak, gogoraraziz aurreko hilabeteetan ere jasan dituztela erasoak, enpresak borrokan ari ziren grebalariak ordezkatu baititu besteak beste. Kaleratzea gogor gaitzetsiz, beharginek adierazi dute "greba-eskubidea mugatzea eta gainerako azpikontratak beldurtzea besterik bilatzen ez duten erabakiei kontra egiten" jarraituko dutela.
Greba hasi zutenetik, Gasteizko eta inguruko hamaika lantegietako beharginen babesa jaso dute Mercedeseko suhiltzaile industrialek, baita jendartearena ere. Horren eta klase-elkartasunaren erakusle izan zen joan den martxoaren 12an Arabako hiriburuko kaleetan egindako manifestazio jendetsua.
Irakurri hemen Iker Babio suhiltzaileari GEDAR LANGILE KAZETAk egindako elkarrizketa.