AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Kalea hartu dute Osakidetzako Lehen Arretako langileek, hirugarren greba egunean
Osakidetzako zuzendaritzak “denbora pasatzen” utzi duela ohartarazi dute sindikatuek, eta salatu dute “mugatua” dela azken mahai sektorialean egin zuten proposamena.
2019eko ekainaren 17
Kalea hartu dute Osakidetzako Lehen Arretako langileek, hirugarren greba egunean

Osakidetzako Lehen Arretako 5.000 langile inguru grebara deituta zeuden gaurko, ELA, ESK, LAB, SATSE, CCOO eta UGT sindikatuen eta Lehen Arreta Arnasberritzen plataformaren eskutik. Apirilaren 12an eta maiatzaren 17an beste bi greba egun egin zituzten, eta joan den ostiralean Osakidetzako Zuzendaritzarekin mahai sektorialean bildu ondoren, grebari eustea erabaki zuten.

Gaur, besteak beste, manifestazioa egin dute Gasteizen (Araba). 12:00etan Bilbo plazatik hasi eta Osakidetzaren zerbitzu zentraletara joan dira langileak.

Denbora aurrera

Hasteko, sindikatuek salatu dute Osakidetzak atzeratu egin zuela lehen bilera deialdia, eta greba deialditik hiru egun eskasera jarri zuela: “Osakidetzak denbora pasatzen utzi du”. Gainera, Osakidetzako zuzendaritzak egindako proposamenak “mugatuak” direla kritikatu dute, soilik udara begira egindakoak direlako; adibidez, oporrak ordezkartzeko 3.000 lanaldi jartzea.

Hori ez da konponbidea sindikatuen iritziz. Lan karga handia dutela salatu izan dute maiz langileek, eta datu bat ere nabarmendu dute: egiturazko 3.000 postu aldi baterako kontratuekin bete dituzte. Horrez gain, ordutegien murrizketak, eta zentro batzuetan, ardura bereko bi profesional beharrean bakarra egotea aurreikusten zuen zuzendaritzaren proposamenak.