AKTUALITATEA / Errepresioa
Justizia Anderrentzat sortu dute, egia eta bortizkeria polizialaren aurkako neurriak exijitzeko
Santurtziko udaltzainek interbentzio basati batean erail zuten Ander ekainean. Hilketari erantzunez, hainbat helburu markatu ditu Justizia Anderrentzat plataformak: "Anderren heriotzari buruzko egia mahai gainean jartzea"; "erantzukizun polizialak, politikoak eta mediatikoak argitzea"; "Ander Poliziaren indarkeriaren biktima gisa aitortzea"; eta "etorkizunean halakorik beste inori ez gertatzea bermatzea". Manifestazio bat antolatu dute hilaren 17rako.
2026eko uztailaren 10 - 09:15
Justizia Anderrentzat sortu dute, egia eta bortizkeria polizialaren aurkako neurriak exijitzeko

Justizia Anderrentzat herri-plataforma aurkeztu dute gaur goizean Santurtzin (Bizkaia), udaltzainek Ander izeneko gazte bat erail eta bi astera. Kolektibo sortu berriak ohartarazi du "erantzule eta konplize zuzenak" dituela santurtziarraren heriotzak, eta "operatibo hori egin zuten udaltzainak direla errudunak", hain zuzen ere. Dena den, "gobernu-taldearen konplizitatea" ere seinalatu dute plataformatik (EAJrena da alkatetza), "Poliziaren bertsioa zalantzan jarri beharrean, udaltzainei baldintzarik gabeko babesa eman baitzien, gertakariak zuritzeko eta Ander kriminalizatzeko helburuarekin"; eta, horrekin batera, komunikabideen jarrera kritikatu dute, "Poliziaren sindikatuen falaziekin bat egiteagatik". 

"Hedabideak eta udaltzainak inposatzen saiatu diren narratiba faltsuaren aurrean, azpimarratu nahi genuke Ander ez zela pertsona gatazkatsua, ezta bortitza ere", esan dute Justizia Anderrentzat ekimenetik. Gertakariak gogora ekarri dituzte, gainera: ekainaren 22an, agerraldi psikotiko bat pairatzen ari zela, udaltzaingoarengana jo zuen Anderrek, laguntza eske. "Laguntza jasotzetik urrun, bortizki jazarri eta indarrez atxikitu zuten, taserrak eta borrak erabiliz. Ondoren, bero-boladaren une gorenean, lurrean 2 ordu inguru eman zituen, aldi berean jipoitzen zuten bitartean eta osasun-laguntza jaso aurretik", salatu du plataformak: "Ander konorterik gabe eraman zuten ospitalera eta, bi egunez koman egon ondoren, hil egin zen". Horiek horrela, seinalatu du "Poliziaren esku-hartze bortitz baten ondorioz" galdu duela bizia gazte santurtziarrak, eta "justizia eskatzeko eta polizia-inpunitatearen aurka borrokatzeko" batu dituztela indarrak herri-plataforma berrian.

Egia, erantzukizunak, aitortza, neurriak

Gaurko aurkezpen-agerraldian azaldu dutenez, hainbat helburu ditu Justizia Anderrentzat plataformak. "Lehenengoa. Anderren heriotzari buruzko egia mahai gainean jartzea. Bigarrena. Erantzukizun polizialak, politikoak eta mediatikoak argitzea. Hirugarrena. Ander Poliziaren indarkeriaren biktima gisa aitortzea. Laugarrena. Etorkizunean halakorik beste inori ez gertatzea bermatzea, honako neurri hauen bidez: hilgarriak izan daitezkeen polizia-baliabideak erabiltzea debekatzea, hala nola taserrak, eta inplikatutako poliziak behin-behinean kargutik etetea".

Manifestazioa uztailaren 17an

Ekainaren 27an, manifestazio jendetsu bat izan zen Santurtzin, biolentzia eta inpunitate polizialaren kontra. Bada, beste mobilizazio batera deitu du orain Justizia Anderrentzat plataformak: uztailaren 17an izango da, 18:00etan Santurtziko udaletxe aurretik hasita. "Herritarren inplikazioa, presioa eta mobilizazioa oso garrantzitsuak izan dira gertakariak argitzeko. Beraz, dei egiten dugu frogak eta testigantzak aurkezten jarraitzera, eta, batez ere, kaleak har daitezen Anderrentzat justizia egin dadin".