AKTUALITATEA / Zuzenbide burgesa
Josu Urrutikoetxearen estradizio eskaera onetsi du Parisko Dei Auzitegiak
Luis Herguetaren auziari lotutako estradizio eskaera onartu du Dei Auzitegiak. Mahai gainean dauden lau estradizio eskaeretatik hiru eman dituzte ontzat, eta Frantziako Estatuan bi prozedura daude abian Urrutikoetxearen aurka.
2021eko urtarrilaren 7
Josu Urrutikoetxearen estradizio eskaera onetsi du Parisko Dei Auzitegiak

Atzo, urtarrilak 6, Parisko Dei Auzitegiak Espainiako Gobernuak egindako beste estradizio eskaera bat onetsi zuen. Kasazio Auzitegian aurkeztuko du helegitea defentsak, eta horrek ere eskakizuna ontzat emango balu, Frantziako Gobernuaren esku egongo litzateke erabakia.

HAINBAT ESTRADIZIO ESKAERA MARTXAN

Urrutikoetxearen aurkako lau estradizio eskaeretatik hiru onartu dituzte, beraz. Batetik, euroagindu bi auzitaratu dira; lehena herriko tabernen auziari dagokio, zeina irailean onartua izan zen eta bigarrena, aldiz, Barajasko 2006ko atentatuen harira igorritako euroagindua da, joan den uztailean, arazo teknikoak zirela medio, baztertua izan zena.

Bestetik, bi estradizio eskaera egin ditu Espainiako Gobernuak. Zaragozako 1987ko atentatuari dagokio bata, eta aurreko urteko urtarrilean onartu zuten. Bestea, aldiz, berriki onetsitakoa da, Luis Herguetaren hilketari lotutakoa.

Estradizio eskaerak ez ezik, Frantziak bi prozedura ditu abian Urrutikoetxearen aurka; hain zuzen, 2005-2006 artean ETAko zuzendaritzako kide izatea eta Osloko elkarrizketa mahaian ordezkari izatea leporatuta. Osasun-egoera dela eta, otsailaren 22ra eta 23ra atzeratu dute aurreneko epaiketa; aitzitik, ekainera arte instrukziora bidali dute bigarrena.