Aurrera doa Donostiako (Gipuzkoa) Jolastokietako pabiloiak husteko prozesua, eta badirudi hura bizkortu nahi duela Jon Insausti alkate jeltzaleak. Herrerako pabiloien jabe legalek egina dute horiek desalojatzeko eskaera, eta Insaustik joan den asteartean adierazi duenez, epaitegiek eskaera hori onartzen dutenean, udalak "baliabide guztiak jarriko ditu desalojoa berehalakoa izan dadin". Donostiako hainbat kolektibo sozialek nabarmendu izan dutenez, baina, etxerik gabeko pertsona ugari bizi dira eraikin horietan, asko, nora joan ez duten gazte migranteak.
Astelehen gauean sute bat izan zen pabiloietan, udalak "nahita eragindako" sutetzat jo duena, eta hori hartu du aitzakiatzat Jolastokietako eraikinen desalojoa justifikatzeko, ustezko "elkarbizitza eta segurtasun arazoei" erreferentzia eginez. Insaustik, asteartean egindako prentsaurrekoan, defendatu zuen ez duela "balio beste aldera begiratzeak", eta premiazkotzat hartu zuen Herrerako eraikinak hustea. Horiek horrela, EAJko alkateak iragarri du teorian auzi honi erantzungo dion eta berehala esku hartuko duen talde berezi bat sortuko duela udalak, eta asteartean bertan egin zutela aurreneko bilera bat norabide horretan. Naiz-ek jaso duenez, Hirigintzako, Segurtasun eta Elkarbizitzako, Gizarte-Zerbitzuetako eta Garbiketa eta Mantenuko zenbait ordezkari bildu ziren. Alkatearen asmoa omen da, dena den, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Atzerritartasuneko ordezkariak ere batzea.
Udalak berak emandako datuen arabera, azken bi urteetan, 150 bat interbentzio polizial izan dira inguruan, eta 30 lagun atxilotu dituzte polizia-indarrek. Eta, epaitegiek desalojo-agindua emateko esperoan egon arren, pixkanaka esku hartzen hasi da jada udala: Herrerako pabiloien kanpoaldean "garbiketako" lanak izango dira laster, El Diario Vasco-k jakinarazi duenez. Horrez gain, azken hilabeteetan Jolastokietako pabiloi abandonatuetan bizi den jendea etxegabetzeari ekin dio dagoeneko: urtarrilean, eraikinetako bat hustu eta 30 pertsona kaleratu zituzten polizia-indarrek. Beste ehunka daude arriskuan.