Bost urteren ostean eta absoluzioaren aldeko aldarriak indarra hartu ostean, zarratu dute azkenean Sopelako 4en kontrako auzi judiziala, eta absolbitu egin dituzte joko-areto baten aurka protesta egiteagatik auzipetutako lau pertsonak. Sopelako 4ekin 1 plataformak gogorarazi duenez, "muntaia polizial" bat sortu zuten haien aurka, "euren militantzia politikoagatik jazartzeko". Joko-aretoko jabeak egindako eskaera tarteko, zigor altuak eskatu zituzten lau sopeloztarrentzat: 32 urteko espetxe-zigorrak eta 112.400 euroko isun ekonomikoak, guztira.
Azken bost urteetan "gorabehera" ugari izan dira prozesu judizialean, auzia birritan artxibatzea eta fiskala erretiratzea besteak beste. "Horrekin batera, elkartasuna ehuntzera dei egin genuen, eta hilabeteetan zehar hainbat eta hainbat egitasmo burutu ditugu", dio Sopelako 4ekin 1 plataformak: "Zalantzarik gabe, elkartasuna ehuntzeko egindako gonbite horrek sekulako arrakasta izan du, horrela, milaka izan dira ordutik hona lau herritarrekiko elkartasunez agertu diren herritarrak". Akordio baten ondorioz, ez dituzte auzipetuak epaituko azkenean, eta bertan behera geratu dira euren kontrako zigor-eskaerak. Plataformak nabarmendu du, dena den, "prozesu honek ez zuela inoiz hasi behar": "Muntaia polizial baten biktima izan dira lau herritarrak eta, hortaz, guretzat horren ondorio izan den prozesu hau guztia erabat bidegabea izan da".
Uste du, gainera, emandako "erantzun herritar zabal eta indartsuari esker" lortu dela kasua ixtea. "Borrokak merezi duela" aldarrikatu du horregatik, azpimarratuz borroka egitea dela "egunerokotasunean bizi ditugun egoera bidegabe guztien aurrean herritarrok dugun tresnarik indartsuena". Horiek horrela, Sopelako 4ekin 1etik gogorarazi dute "asko direla oraindik Euskal Herriko hamaika txokotan jazarpenaren biktima diren eragile zein mugimendu politikoak", eta "elkartasun osoa" adierazi diete. "Ehunka herritarren ekarpen ekonomikoei esker lortutako kutxaren zati bat haiei emango diegula jakinarazi nahi dugu. Zehazki, Berangoko Elkartasun Komiteari eta Aroztegiko kideei".