AKTUALITATEA / Eraso faxistak
Isunak 75 pertsonari, Jimmy erail zuten enfrentamenduan parte hartzea leporatuta
300 eta 1.350 euro arteko isunak jarri dizkiete Atletico Madrileko nahiz Deportivoko hainbat zaleturi, 2014an Madrilen izan zen konfrontazioaren harira. Liskar horretan, erreka batera bota eta erail egin zuten Deportivo taldeko zaletu bat, Francisco Javier Romero 'Jimmy'. Une honetan, geldirik dago hilketari lotutako kasua, eta ez dituzte hiltzaileak atzeman edota zigortu.
2023eko urtarrilaren 3
Isunak 75 pertsonari, Jimmy erail zuten enfrentamenduan parte hartzea leporatuta

Madrilgo epaitegi batek 300 eta 1.350 euro arteko isunak jarri dizkie 75 pertsonari. Deportivo de la Coruña eta Atletico Madril futbol taldeetako zaletuak dira isunduak, eta 2014ko azaroaren 30ean Madrilen borroka batean parte hartzea egotzita ezarri dizkiete zigor ekonomikoak. Enfrentamendu horretan, Deportivo de la Coruñako zaletu bat erail zuten Atletico Madrileko zaletuek: dirudienez, larriki zauriturik zegoela, Manzanares errekara bota zuten Francisco Javier Romero Jimmy. Vicente Calderon estadiotik gertu izan ziren gertakariak.

Zortzi urtetik gora igaro dira Jimmyren erailketatik, eta ikerketa hainbat urtez luzatu zen arren, kasua artxibatu zuten, ustez hiltzaileak atzeman gabe eta, beraz, epaiketarik eta zigorturik gabe. Hilketa ikertzeko prozedura guztiz geldirik egon arren, kontrara, aurrera jarraitu du gertakariak zaletuen arteko liskar modura ikertzeko eta zigortzeko prozedurak. Alegia: "liskar iskabilatsu" modura ikertu eta ebatzi da gertatutakoa, baina ez hilketa modura. Horren eskutik heldu dira, hain zuzen, ustez enfrentamendu horretan parte hartu zuten dozenaka pertsonaren kontrako isunak; bai Atletico Madrileko zaletuen kontrakoak, bai Deportivokoen kontrakoak.

Zehazki, "liskar iskanbilatsu" batean "lesioak eragitea" leporatuta isundu dituzte 75 pertsona. Haietako biri gehigarri bat ere egotzi diete: polizia-agente bati "atentatua egitea eta lesioak eragitea".