AKTUALITATEA / Palestina
Israelgo Itsas Armadak Global Sumud Flotillako ontzi batzuk atzeman ditu
Tiro, drone eta abordatzeekin blokeatu ditu misio humanitarioko zenbait ontzi nazioarteko uretan, Kretara iritsi aurretik.
2026eko apirilaren 30 - 06:09
Israelgo Itsas Armadak Global Sumud Flotillako ontzi batzuk atzeman ditu
— ARGAZKIA www.haniotika-nea.gr

Israelgo Armadak modu bortitzean eta nazioarteko uretan atzeman ditu Global Sumud Flotillako ontzi batzuk asteazken gauean. Nazioarteko ekimen zibilaren antolatzaileek salatu dutenez, Israelgo indar gisa identifikatutako zenbait txalupa motordun ziztu bizian hurbildu dira ontzietara, eta "laserrak eta eraso erdiautomatikoetarako armak" jarri dizkiete gainean ekintzaileei. Erasoan, ontzidiko kideak ontzigainen aurrealdera mugitzera eta "belauniko jartzera" behartu dituzte militarrek, tiro egiteko mehatxupean.

Greziako Kreta uhartetik zenbait itsas-miliatara egin dute operazioa, bi orduz droneak gainean izan ostean eta VHFn eta CCTV kameretan interferentziak jasan ostean. Israelgo indarrek tiro egin diete ontzi zibilei, DIARIO SOCIALISTA eta GEDAR egunkariek baieztatu dutenez. Orain arteko informazioaren arabera, ez dago zauriturik tripulazioan eta bidaiarien artean.

Misiotik salatu dutenez, militar israeldarrek ontzietako transmisio-sistemak sabotatu dituzte, blokeatzearen irudiak zabaldu zitezela eragozteko. "Itsasontzien komunikazioak oztopatzen ari dira", azaldu dute ontziditik, Israelgo indarren ekintzak ezkutatzeko ohiko taktika baten berri emanez. Boluntarioen arrisku fisikoaren aurrean, nazioarteko sorospen-seinale bat (SOS) igorri du Global Sumud Flotillak.

Israelgo Itsas Armadaren irrati bidezko "ohartarazpenen" aurrean, ekintzaileen erantzuna izan da zuzenean errefusatzea euren norabidea Ashdodeko portura (Israelek okupatutako Palestinara) desbideratzeko aginduak. "Ez gara zuen gonbidatuak", adierazi dute Global Sumud Flotillako bozeramaileek, eta ingurua "krimenaren eszenatzat" jo dute. Gazarako norabidea mantentzeko asmoa berretsi dute ontzidiko kideek, mehatxuak mehatxu eta Israelen biolentzia hedatu arren.

Israelgo aginte militarrak ekintza horiek "itsas-segurtasunaren blokeoaren" eufemismopean justifikatu ohi dituen bitartean, misio humanitarioak azpimarratzen du praktika horiek nazioarteko itsas-zuzenbidearen eta giza-eskubideen urraketa dakartela, eta biztanleria palestinarraren isolamendua mantentzeko indarkeriari erantzuten diotela. Hala ere, "arau" horiek erredundanteak dirudite, Israelgo Estatuak sortu zenetik egin dituen krimen guztien ondoren; horren ebidentzia are bereziagoa da 2023ko urriaz geroztik.

Ekintza humanitarioak, hain zuzen ere, Israelgo Estatuak Gazako Zerrendan sarraskiaren erdian gauzatzen duen blokeo-politikari erantzuten dio, Palestinako herri sarraskituari laguntzeko ondasunen eta pertsonen joan-etorri askea eragozten baitu, baita Mediterraneoan ere. Hori dela eta, ontziditik dei egiten dute ibilbidea zuzenean jarraitzera: "Lekukoak babesa dakar".

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/PulseOrbit/status/2049600573587001665