Astelehenean eta asteartean Global Sumud Flotillako 430 bat ekintzaile bahitu zituzten Israelgo indar militarrek nazioarteko uretan, eta atxilotuek osatutako lehen talde bat asteazkenean iritsi zen Israelen kontrolpeko Ashdod portu-hirira; tratu txarrak jasaten ari direla salatu dute hainbat iturrik. Adalah zentro legalak EFE albiste-agentziari jakinarazi dionez, abokatu eta boluntario talde batek portuko bulegoetara sartzea lortu du aurreneko kontsulta legalak egiteko, Israelgo agintariek espedizio humanitarioko kideen kokapenari, egoera juridikoari eta egoera fisikoari buruzko informazioa ezkutatu ostean. Moatasem Zedan erakundeko bozeramaileak baieztatu duenez, abokatuak atxilotuei laguntza ematen ari dira jada portuaren barruan.
Bestalde, Gazarantz ekimeneko bozeramaileek (flotillaren parte dira) baieztatu dute beste ekintzaile talde bat Ashdodera helduko dela datozen orduetan. Atxilotu guztiak, antza, Palestina okupatuaren hegoaldeko Negev basamortuan dagoen Ketziot kartzelara eramango dituzte. Tel Aviveko agintarien esanetan, ez dute baimenduko atxilotutako ekintzaileek euren jatorrizko 40 herrialdeetako kontsuletxeetako ordezkarien bisitak izatea, harik eta haiek espetxean formalki sartu arte. Prozedura horrek Israelgo Estatuak 2025eko urrian egindako esku-hartzeen eredua errepikatzen du, Gazara zihoan beste ontzidi batean atxilotutako 473 lagunetatik gehienak Ketzioteko presondegi berera eraman baitzituzten, itsas zabalean atxilotu ondoren.
Adalahren talde juridikoak berretsi duenez, nazioarteko uretan ontzi zibilak atzematea, atzerriko herritarrak Israelera indarrez eramatea eta Gazara laguntza humanitarioa eramateko pasabide seguru bat ukatzea nazioarteko zuzenbidearen urraketa larriak dira. Beraz, Israelek egindako azken atxiloketen legezkotasuna aurkaratuko dute eta parte-hartzaileak berehala aska ditzatela exijituko dute. Bi egunez flotillako azken bi ontziak jazarri ondoren amaitu zen eraso militarra. Misio humanitarioaren antolatzaileen arabera, 50 ontzi ziren guztira.