AKTUALITATEA / Iranen aurkako eraso inperialista
Israelek Libanoren aurkako erasoak gogortu ditu, Iranek Ormuzen bi ontzi harrapatu dituen bitartean
Herrialdearen hegoaldea "Gaza berri" bat bihurtzen ari da erasoaldi sionistaren ondorioz, eta "su-etena" leherrarazten du behin eta berriz. Pentagonoak aitortu du, bestalde, hainbat hilabetez luzatuko dela itsas-blokeoa.
2026eko apirilaren 23 - 07:11
Israelek Libanoren aurkako erasoak gogortu ditu, Iranek Ormuzen bi ontzi harrapatu dituen bitartean
— ARGAZKIA Amitseg

Ekialde Hurbileko egoera militarrak norabide kritikoa hartu zuen atzo. Berez hamar eguneko su-eten ahul bat izan den arren, Israelgo indarrek areagotu egin dituzte Libano hegoaldearen aurkako bonbardaketak, eta gutxienez lau pertsona erail eta dozenaka zauritu dituzte. Biktimen artean, Al Akhbar egunkariko Amal Khalil kazetaria dago: droneek jazarri ostean, etxebizitza batera hurbildu zen babes bila, baina zehastasun-eraso bat jasan zuen bertan. Nawaf Salam Libanoko lehen ministroak, hala, prentsako langileak exekutatzeko "eredu frogatutzat" jo ditu eraso horiek, eta horrek zalantzan jartzen du edozein su-eten, Libanoko azpiegitura zibilak Israelgo hegazkinen jomuga izaten jarraitzen duen bitartean.

Libanoren aurkako eraso militarrari eta Estatu Batuen itsas-blokeoari erantzun zuzena emanez, Irango Guardia Iraultzaileak baieztatu du bi ontzi harrapatu dituela Ormuzko itsasartean. Teherango iturrien arabera, munduko energia-merkataritzarako garrantzitsuena den itsas-bideko "ordena eta segurtasuna aldatu izanari" erantzuten dio neurriak. Al Jazeera-k jasotako adierazpenetan, Irango negoziatzaile nagusiak dio itsasartea berriro irekitzea "ezinezkoa" dela, kontuan hartuta "fronte guztietako belizismo sionista" eta Washingtonek pertsiar portuen aurka ezarritako setio ekonomikoa.

Blokeo horren dimentsio teknikoa agerian geratu da Pentagonoak AEBetako Kongresuari egindako filtrazio baten ondoren. The Washington Post egunkariak jaso du filtrazioa: txostenak ohartarazten duenez, Ormuzko itsasartetik minak kentzeko lanak (lehergailuz bete zuten Irango indarrek defentsa-neurri gisa) gutxienez sei hilabetez atzeratu daitezke, halako operazio bat egitea erabakitzen badute. Errealitate horrek bermatzen du, armak isiltzeko kasu gertagaitzean ere, ondorio ekonomikoek eta petrolio gordinaren hornidura-kateen eteteak urte amaierara arte iraungo dutela gutxienez, krisi energetiko globala sendotuz.

AEBetako Gobernuak adierazten duen bitartean "pozik" dagoela Iranentzat egunean 500 milioi dolarreko galerak dakartzan finantza-itolarriagatik, ez du zehazten zenbat galera ekartzen dizkion gerra honek Washingtoni. Gainera, indarkeria sionistak Libanoz harago jarraitzen du: Al Jazeera-ren esanetan, Israelen erasoek beste bost pertsona erail dituzte, hiru ume barne, Gazako Zerrendako Beit Lahiyako meskita batetik gertu.