Global Sumud Flotilla nazioarteko erakundeak prentsaurreko telematiko baten bidez salatu duenez, Israelgo agintaritzek atxilotutako ekintzaileek eraso sexual eta fisiko orokor eta sistematikoak jasan dituzte euren eskuetan. Israelgo Atzerri Ministerioak, bere aldetik, jakinarazi du bahitutako pertsona guztiak deportatu dituela jada, X sare sozialean zabaldutako mezu labur baten bidez. Soldadu israeldarrek nazioarteko uretan bahitu zituzten misio humanitarioaren parte ziren hamar bat ontzi zibil, eta horren ondoren salatu dituzte tratu txarrak atxilotuek. Blokeo-operazio militar horretan dozenaka pertsona zauritu zituzten militar sionistek, eta hiruk gutxienez arma "ez-hilgarrien" inpaktuak jasan zituzten abordatzean. Beste batzuk berehala ospitaleratu behar izan zituzten.
Bader Alnoaimik, flotillako bozeramaileak, nazioarteko boluntarioen bahiketatzat jo du Israelek egindako itsas-operazioa, eta zehaztu du ontzietako sei jo zituztela Israelgo tropen tiroek; horietako bat zuzenean jo zuen ontzi militar batek, gatibu hartutako ekintzaileak Ktzioteko espetxera eraman aurretik. Han, torturekin jarraitu zuten. "Oihuak kanpotik entzun genitzakeen", adierazi dute zenbait kidek.
430 ekintzaileen deportazioa
Israelgo agintaritzek 40 bat herrialdetako 430 ekintzaile ingururen deportazioa kudeatu dute jada, Turkiak pleitatutako hiru hegazkinen bidez. NTV irrati turkiarrak jakinarazi duenez, Turkish Airlines konpainiako ibilgailuak Ramongo aireportutik (Israelgo hegoaldeko muturrean) abiatu ziren Istanbulera. Horietako lehena 15:00ak aldera aireratu zen atzo.
Bahiketaren "kudeaketak" eta atxiloketen baldintzek haserrea piztu dute, eta, ondorioz, Europako hainbat herrialdek Israelgo enbaxadoreak deitu dituzte, aktibistei emandako tratu iraingarriagatik protesta formalki egiteko. Azpimarratzekoa da oraindik indarrean dagoen palestinarren aurkako genozidioak munduan eragindako haserreak ez duela ekarri, oro har, herrialde horiek inolako neurririk hartzea. Itamar Ben Gvir Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministroak Ashdodeko portua bisitatu zuen flotillako ehunka ekintzaile eskuburdinak jarrita, pilatuta eta lurrean belaunikatuta zeuden bitartean. Grabazioan, ministroa irribarretsu eta Israelgo bandera astintzen agertzen da operazioa ospatzeko, bahitutako pertsonen egoeraz publikoki trufatuz.
Ekintza legalak abiatuko ditu Global Sumud Flotillak
Eraso eta irain publiko horien aurrean, Global Sumud Flotillak adierazi du berehala jarriko dituztela martxan lege-prozedurak biktimei lotutako hainbat herrialdetan; hala nola Turkian, Polonian, Marokon, Italian, Indonesian eta Espainiako eta Frantziako estatuetan. Alnoaimiren esanetan, talde juridikoak Ktzioteko espetxeko zazpi agente identifikatu ditu dagoeneko, formalki, gatibuen aurka egindako abusuen eta krimenen erantzule zuzen gisa. Hori dela eta, nazioarteko atxilotze-aginduak eskatuko dituzte dagokien herrialdeetan, eta salaketak aurkeztuko dituzte nazioarteko goi-instantzietan, esaterako Nazioarteko Justizia Gortean, Giza Eskubideen Europako Auzitegian eta Giza Eskubideen Afrikako Auzitegian.