Israelgo Estatuaren eskuetan jarraitzen dute Global Sumud Flotillako kideek; ez dago argi zenbat atxilotu diren, non dauden zehazki eta zein den euren egoera. Itsas-armada sionistak asteazken gauean blokeatu ditu misio humanitarioko hainbat ontzi, zenbait orduz droneen eta interferentzien bidez jazarri ostean, eta hainbat iturrik baieztatu dutenez, tiro egiteko mehatxupean atxilotu dituzte Gazako Zerrendara iritsi nahian ari ziren hamaika aktibista. Gazako kostatik 1.200 kilometro ingurura atzeman dituzte (Kretatik 100 bat kilometrora), aurreko erasoetan baino are urrunago, beraz.
Hainbat hedabidek diote 175 inguru izango liratekeela atxilotuak, jatorri ugaritakoak, eta Israelgo Kanpo ministro Gideon Saarren arabera, Greziako kostaldera eramango dituzte eta bertako hondartza batean lehorreratuko dira "datozen orduetan". Ministro sionistak gaineratu du Greziako Gobernuarekin koordinatutako operazio bat izaten ari dela, eta eskerrak eman dizkio elkarlanagatik. Saarrek adierazi du Israelek ez duela baimenduko Gazako Zerrendan ezarrita daukaten blokeoa inork hausterik.
Atxilotuen gose-greba
Euskal Herriko hainbat kide zeuden ontzidian eta, hortaz, atxilotuen artean badira euskal herritarrak. Israelek atxilo hartutako pertsonen artean daude, besteak beste, GEDAR LANGILE KAZETAko eta DIARIO SOCIALISTAko korrespontsala, Lino Figueroa, eta Gazte Koordinadora Sozialistako (GKS) militante bat, Patxi Calleiras.
Global Sumud Flotillaren Euskal Herriko ordezkaritzak zabaldu berri duen bideo batean hizketan ateratzen da Calleiras, eta irmotasunez dio honakoa: "Bideo hau ikusten ari bazara Israelek gure ontzia abordatu eta atxilotu nautela esan nahi du. Ez dugu onartzen Israelek ezarrita daukan setio militarra, ez eta herri honen aurkako genozidioa ere. Horregatik, atxilotzen nauten momentu beretik, gose-greban jarriko naiz, hurrengo aldarrikapenekin: atxilotu guztien berehalako askatasuna eta intertzepzioen amaiera; Israelek ezarrita daukan blokeo militarraren eta genozidioaren amaiera; Euskal Herriko enpresa eta instituzioek Israelekin harreman oro eten behar dute, zuek ere genozidio honen konplize zarete". Horrekin batera, "Euskal Herriko langileriari kalera ateratzeko deia" luzatzen dio bideoan.
Gaur, Global Sumud Flotillak jasandako erasoaren berri izan bezain pronto, mobilizazio-deialdi ugari egin dituzte nazioartean. Euskal Herrian ere egin dituzte protestak, hainbat hiriburutan kasu. Israelgo Estatuaren aurka eta Palestinaren askatasunaren alde borrokan jarraitzera deitu dute mobilizazioetan, nazioartean antolatutako enegarren elkartasun-ekimena sekulako bortizkeriaz erasotua izan ondoren.