AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Irungo alarde baztertzaileko buru batek egindako eraso matxista atera da argitara
Konpainiako emakume bati eraso dio gizonezkoak, hainbat iturrik jakinarazi dutenez. Erasotzailea babesteko elkarretaratze bat egin zuten astelehenean Irunen.
2026eko otsailaren 4
Irungo alarde baztertzaileko buru batek egindako eraso matxista atera da argitara
— ARGAZKIA Ruben Plaza/Onda Vasca-ren bidez

Irungo (Gipuzkoa) alarde "tradizionaleko" buruetako batek konpainiako emakume bakarrari sexu-eraso bat egin zion iazko alardean, Berria-k jakinarazi duenez. Konpainiak berak zigortu omen du gizonezkoa jada, "hutsegite larria" leporatuta.

Hala ere, babesa jaso du erasotzaileak. Alardeko Batzordea eta Agintarien Batzordea astelehenean bildu ziren gaiaren inguruan hitz egiteko, Irungo Palmera Montero gunean, eta kanpoaldean elkarretaratu ziren hainbat pertsona (konpainia baztertzaileko kideak tartean, elDiario.es-en arabera), erasotzaileari elkartasuna adierazteko eta bere aurkako zigorrak salatzeko.

Berria-k jaso duenez, konpainia "tradizionaleko" ordenantzak zehazten du, halako kasuetan, seinalatutako pertsonak ezingo duela bi urtez alardean parte hartu edo kargurik izan. Hala ere, erasotzaileak helegiteak aurkezteko aukera dauka orain, eta hala egingo balu, Alardeko Batzordeak aztertu beharko luke kexa.

Alarde baztertzaileak, tradizioz, ez die emakumezkoei parte hartzen uzten, kantinera modura ez bada. Kantinerek, gainera, hainbat baldintza bete behar dituzte, konpainiaren ordenantzan jasotzen denez: ezkongabeak izan behar dira. Ekainaren 30ean izaten da desfilea, sanmartzialetan.