AKTUALITATEA / Etxebizitza
Iruñeko Udalak murrizketak ezarriko ditu udal-etxebizitzetarako sarbidean
Udal-ordenantza berriaren bidez, etxegabetzeak erraztuko ditu eta erabiltzaileen gaineko kontrol eta zigor zorrotzagoak ezarriko ditu. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez, "etxebizitza egonkor baterako eskubidea indartu beharrean, aldi baterako, baldintzatutako eta etengabeko berrikuspenera azpiratutako" eredu bat dakar ordenantzak, bazterketa sozialaren "erroei heldu ordez".
2026eko ekainaren 26 - 07:26
Iruñeko Udalak murrizketak ezarriko ditu udal-etxebizitzetarako sarbidean

Udal-etxebizitzei buruzko ordenantza berri bat dauka esku artean Iruñeko Udalak (EH Bildu), eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ohartarazi duenez, erabiltzaileentzat murrizketa gehiago eta babes gutxiago dakartza, udal-etxebizitzetara sartzen diren pertsonak "azkarrago kanporatu" ahal izateko. "Administrazioak aldi baterako erabilera-epeak ezartzen ditu, aurrez zehaztutakoak, nahiz eta pobrezia ez den kondizio iragankor bat berez; horrela, pertsona gehiago pasatu daitezke baliabide publikoetatik eta azkarrago utz ditzakete, haien egoera konpondu den ala ez axola izan gabe", seinalatu dute sindikatutik.

2016ko ordenantza ordezkatuko du araudi berriak, eta behin betiko onartua izateko bidean da. Sindikatuak azaldu du "etxebizitzaren arloan babes publikoaren eskatzaileen kopurua handitu" izanari erantzuten diola aldaketak, baita "etxebizitza-bazterkeriako egoeran dauden pertsonak gero eta gehiago" izateari ere. Baina, krisiaren aurrean, "errealitateari erantzuteko baliabideak handitu beharrean", udalaren jarrera "lehendik dauden baliabideen gaineko presioa handitzea" izan da, sindikatuaren esanetan.

EH Bildu, PSN, Contigo-Zurekin eta Geroa Bairen aldeko botoak

Martxoaren 30ean egin zioten bide ordenantza berriari, alde bozkatu baitzuten EH Bilduk, PSNk, Contigo-Zurekinek eta Geroa Baik. Ziur aski, uztailaren hasieran onartuko dute neurria behin betiko, osoko bilkuran. 2016tik indarrean dagoen ordenantza eta orain onartuko dutena alderatu ditu Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta nabarmendu du "eredu-aldaketa" bat ekarriko duela, "udal-etxebizitzen erabiltzaileen betebeharrak, haien gaineko kontrol-mekanismoak eta bazterketarako arrazoiak gogortuko" dituena eta "babes-bermeak ezabatuko" dituena.

Etxegabetze azkarragoak eta berme gutxiagorekin

Udal-etxebizitzen izaera juridikoa aldatuko du ordenantzak, sindikatutik zehaztu dutenez: "Larrialdiko udal-etxebizitzak hiri-errentamenduen legediari lotuta zeuden. Araudi berriak, aldiz, etxebizitzak udal-zerbitzu publiko baten barruan integratutako 'aldi baterako zuzkidura-ostatu' gisa definitzen ditu". Zehaztapen juridiko horrek ondorio zuzenak ditu erabiltzaileentzat, izan ere, "etxebizitzan jarraitzeko eskubidea ez da ohiko alokairuaren parekoa izango", eta, gainera, bide egingo zaie "administrazio bidezko etxegabetzeei". "Lehen, normalean, okupazio kasuetarako gordetzen zen aukera hori".

Desalojo administratiboek "epeak asko murrizten dituzte eta maizterren defentsarako aukera ia erabat ezabatzen dute", sindikatuaren hitzetan: "Prozedura ez da epaitegietatik pasatzen, eta administrazioak berak erabakitzen du noiz utzi behar duzun etxea". Aipatutako aldaketa juridikoarekin, "etxegabetze administratiboaren bidea udal-etxebizitza guztietara hedatuko da".

Udalak jasotako "Ekarpenen Txostenean" ageri da xehetasun hori, hala baitzioen norbaitek egindako iruzkinak: "24.1 artikuluak modu orokorrean ezartzen du betebeharrak urratzeak etxebizitza berehala uztea ekarriko duela. [...] Nola gauzatuko da berehalako irteera hori familiak etxebizitza borondatez uzteari uko egiten badio?". Udalak honela erantzun zion: "Nahikoa izango litzateke 39/2015 Legeak [...] arautzen duen administrazio-prozedura eta ebazpen araubidea aplikatzea, eta hori izango da erabiliko dena".

Alokairua ordaintzeko dirua zuzenean kentzea eta sartzeko irizpide gogorragoak

Hori gutxi balitz, bi hilabetetik gorako ez-ordaintzeak daudenean, maizterren diru-sarreretatik zuzenean hartuko du dirua udalak, "baita diru-sarrera horiek familia-unitateko edozein kidek jasotzen duen Errenta Bermatutik badatoz ere", sindikatuak jakinarazi duenez. Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Kontrako Nafarroako Sareak alegazio bat aurkeztu zuen artikulu horren aurka, iritzita "enbargaezina" izan beharko lukeela Errenta Bermatuak, baina eskaera baztertu zuen udalak. Sindikatuak kritikatu du "familia zaurgarrien diru-sarrera urriak enbargatzeak haien zaurgarritasuna areagotzea eragin dezakeela".

Bestalde, udal-etxebizitzetara sartzeko eta horietan egoteko irizpideak ere zorroztuko ditu udalak. "Azken bi urteetan etxebizitza-alternatibarik baztertu ez izana eskatzen da; udalak egokitzat jotzen dituen lekualdaketak onartu behar dira; eta etxebizitza bilatzeko jarrera aktiboa mantendu behar da, izan etxebizitza publiko zein pribatuak", azpimarratu du sindikatuak. "Pertsonen eta familien infantilizazioa" gaitzetsi du, eta gogorarazi du sarri ikusi dela zer nolako bizitoki-alternatibak eskaintzen dituzten udal-administrazioek: alegia, "familien beharrei inolaz ere erantzuten ez zietenak", besteak beste, "errotzea, familia-unitatearen tamaina, mendekotasun egoerak edo eskaintzen ziren etxebizitzen kalitate eskasa" kontuan hartzen ez zirelako.

Horrekin batera, araudi berrian ezartzen diren "baremazio-irizpideak" salatu ditu sindikatuak: puntuak emanez sarituko da "beste pertsona batzuekin etxebizitza partekatzeko prestutasuna", "eremu geografikoa aldatzeko prestutasuna" edo "laguntza sozialeko prozesuei atxikitzea". Etxegabetze bat jasan izanak puntuak ematen jarraituko du, baina orain, maizterren "fede onez" gertatu izana sarituko du udalak. Gainera, "gizarteratzearekin lotutako konpromiso zehatzak sinatzera eta udal-zerbitzuek zehaztutako jarraipen-programetan parte hartzera" behartuko ditu maizterrak udalak.

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak laburbildu duenez, beraz, "etxebizitza egonkor baterako eskubidea indartu beharrean, aldi baterako, baldintzatutako eta etengabeko berrikuspenera azpiratutako ostatu-eredu bat sendotzen du" ordenantzak eta "bazterketa kudeatzera bideratuta" dago, "haren erroei heldu ordez". Eta araudi berrian, gainera, "biraketa zigortzaile" bat atzeman daitekeela ere ohartarazi du: "Kontrol burokratiko handiagoak eta Errenta Bermatuaren zuzeneko erauzketak gizarteratzea administrazioaren tutoretza iraunkor eta hertsagarri bihurtzen dute".