Iruñeko Udalak (EH Bildu) Aranzadiko komentu zaharra hustu eta 140 bat lagun etxegabetu ondoren, mobilizazio bat izan zen atzo arratsaldean, 19:00etan Nafarroako Gobernuaren egoitza aurrean: desalojo masiboa salatu eta etxebizitza-eskubidea aldarrikatu zuten pertsona guztientzat. Udalaren erantzukizuna nabarmendu zuten Negu Gorriak dinamikako kideek: "Udaltzainak izan dira operazioa aurrera eraman dutenak. Hau Asironek %100ean erabakitako eta exekutatutako makrodesalojoa izan da. Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak ez dute esku hartu eta ez da egon udala behartzen zuen agindu judizialik".
Negu Gorriakek argitu zuen etxegabetutako pertsonei ez dietela bizitoki-alernatiba errealik eskaini, udal-iturriek hori saldu arren: "Gazteei eskaintzen zaizkien 'bizitoki-soluzioak' hoteleko bi gau dira, eta gero kalera. Ez guztientzat, gainera; astelehenean udaltzainek identifikatu zituztenentzat eta Iruñean erroldatuta zeudenentzat bakarrik". Kaltetuei euren gauzak jasotzen ere ez diete utzi oraindik poliziek. Gogorarazi zuten, bestalde, "interes pribatuko enpresei oparitzeko" hustu duela komentua udalak, eta "eremua txukuntzeko aurreikusitako auzolan handi batetik bost egunera" gauzatu duela desalojoa. Udalak pertsona etorkinei erroldak egiteko mantentzen duen blokeo-politikaz eta Euskal Herrian izaten ari den makrodesalojoen olatuaz ere ohartarazi zuen Negu Gorriakek.
Indarkeria instituzionala
Iruñerriko kolektibo ugarik egin dute bat Aranzadiko desalojoa salatzen, eta elkarrekin egindako adierazpenean nabarmendu zuten "indarkeria instituzionala" dela gertatutakoa. Izan ere, kaleratutako pertsonen zaurgarritasun-egoera oroitarazi zuten: "Sistemak berak bultzatu ditu pixkanaka bazterretara, oinarrizko eskubideetatik kanpo utziz, gizarte-babeserako sarbidea ukatuz, erroldatzeko aukerarik gabe utziz eta etxebizitza duin baterako bidea itxiz. Muturreko baldintzetan bizitzera behartuak izan dira, prekaritatean, kale gorrian eta babes instituzionalik gabe".
Erakunde publikoen erantzukizunari eman zioten azpimarra. "Aspalditik ari gara ohartarazten Iruñeko Udalak, Iruñerriko gainerako erakundeek eta Nafarroako Gobernuak pobrezia eta etxerik gabeko egoeren aurrean ematen duten erantzuna norabide berean doala: kaleratzea eta kanporatzea bihurtu dira erantzun nagusi", zioten. Administrazio-prozedurak, "laguntzeko tresnak izan beharrean", "oztopo" eta "labirinto burokratiko" bihurtzen direla azaldu zuten; eta hori guztia "indarkeria mota" bat dela seinalatu zuten. "Ez gaude eskubideak bermatzea helburu duen eredu baten aurrean, baizik eta bazterketa kudeatzen duen sistema baten aurrean".
Exijentziak instituzioei
Salaketa egin zuten hamaika kolektiboek hainbat exijentzia egin zizkieten erakunde publikoei eta horietako gobernuei: "Premiaz eta modu jarraituan etxebizitza-alternatiba duinak bermatzea"; "oinarrizko baliabideetarako sarbidea berehala ziurtatzea", alegia "elikadura, higienea eta osasun-arreta"; "erroldatzeko aukera eta egoera administratiboa erregularizatzeko bideak bermatzea"; eta "kontrol eta kanporaketa politikekin amaitzea, hala nola identifikazio polizial arrazistekin eta Atzerritarren Brigadara bidalitako zitazioekin".