AKTUALITATEA / Faxismoa
Iruñeko mobilizazio antifaxista; Vito Quilesek "bizitzan beldur gehien pasatu duen momentua"
Agitatzaile faxistak podcast-saio batean esan du "beldurra" sentitu zuela iazko urrian Iruñean, bere probokazio-ekimenari erantzunez ehunka antifaxista mobilizatu zirenean. Quilesek Opusen unibertsitatean egin nahi zuen agerraldi bat, bira baten barruan.
2026eko apirilaren 29 - 06:11
Iruñeko mobilizazio antifaxista; Vito Quilesek "bizitzan beldur gehien pasatu duen momentua"
Francisco J. Olmo/Europa Press/Público-ren bidez

"Noizbait kikildu zara?", galdetzen dio elkarrizketatzaileak Vito Quilesi. "Bai. Iruñean", erantzuten du hark abiada bizian. 2025eko urriaren 30az ari da: Espainiako Estatuko hamaika unibertsitatetan egiten ari zen propaganda-biraren barruan, agitatzaile faxistak agerraldi bat egin nahi zuen Opusek Iruñean duen campusean, baina ehunka pertsona mobilizatu ziren faxismoari ezetz esateko. Hala, Quiles unibertsitatera bertaratzea ekidin zuten.

Momentuan, faxistak esan zuen Espainiako Poliziak ez ziola utzi agerraldia gauzatzen, ezin omen zuelako bere "segurtasuna bermatu", baina Espainiako Gobernuak Nafarroan daukan ordezkaritzak ukatu egin zuen Poliziak halakorik adierazi zionik. Eta orain, agitatzaileak podcast-saio batean aitortu duenean "beldurra" sentitu zuela momentu hartan, are nabarmenagoa ematen du mobilizazio antifaxistaren ondorioz egin zuela atzera Quilesek, eta arrazoi horregatik ez zela ausartu Nafarroako campusera joatera.