AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak
Iruñean gaur egitekoa zen etxegabetzea atzeratzea lortu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak
Ohartarazi du, dena den, aurrera doala etxegabetze-prozesua. PCH udal-enpresak kaleratu nahi du emakumea, eta sindikatuak salatu du Iruñeko Udalak etxegabetu egiten duela, astelehenean Aranzadin izandako desalojo erraldoia gogoan.
2026eko apirilaren 15 - 05:44
Iruñean gaur egitekoa zen etxegabetzea atzeratzea lortu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Iruñeko Alde Zaharrean etxegabetze bat gauzatzekoa zen gaur: emakume bat bere etxetik bota nahi du Pamplona Ciudad Habitable-Iruña Biziberritzen (PCH) udal-enpresak, eta gaur goizerako zegoen ezarrita desalojoa. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak kaleratzeari aurre egitera deitu zuen, mobilizazio-deialdi baten bidez, baina bart jakinarazi du etxegabetzea atzeratzea lortu duela behin-behinean. Epaitegiek itxiera-ordua iritsi baino pixka bat lehenago eman zuten atzeratzearen berri, eta beraz, etetea "berri ona" dela nabarmendu arren, "prozeduraren zitalkeria" salatu zuen sindikatuak, "azken ordura arte emakumeak ez baitu erabaki honen berririk izan". Gainera, epaileak ez zion hari zuzenean jakinarazi etxegabetzea ez zela gaur izango; "abokatua epaitegietara azalpen eske joan denean eman diote erabakiaren berri".

Arriskuan dagoen pertsonak bi urtetik gora daramatza Descalzos kaleko etxe batean bizitzen. PCHren jabetzakoa da pisua, eta hutsik zegoen emakumea bertara sartu zenean. Hala ere, EH Bilduk gobernatutako udalaren ekimenez, kaleratze-prozesua jarri zuten martxan, andrearen zaurgarritasun-egoera eta indarkeria matxistaren biktima dela kontuan hartu gabe. 

Epaiketarik gabe eta mekanismo legalak urratuz

"Etxegabetze-agindua behin-behinean eten dela badakigu, baina ez digute horri buruzko xehetasun gehiagorik eman", ohartarazi du sindikatuak: "Ez dago idatzizko ebazpenik, ezta prozeduraren egungo egoerari buruzko azalpenik ere". Gogorarazi du "prozesu honetan momentuz ez dela epaiketarik ere egon, nahiz eta Prozedura Zibilaren Legeak hori beharrezkotzat jo". Eta zehaztu du: "Salaketa iritsi zen momentuan emakumeak oposizioa aurkeztu zuen, eta horrek esan nahi du etxegabetzea ezin dela gauzatu epaiketa egon arte, teorian. Baina horri ere ez diote erantzun epaitegiek".

Sindikatuko kideek azaldu dute, gainera, ezerezean gelditu direla aurkeztutako alegazioak: "Lege berdinak bi mekanismo aurreikusten ditu zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen aurkako etxegabetze-prozesuak zenbait hilabetez eteteko, baina horien inguruan epaitegiek ez dute inolako zehaztapenik eman momentuz". Dena den, argitu dute aurrera doala etxegabetze-prozesua, eta aurrerago etor daitezkeela epaiketa edo desalojo-data berri bat. Sindikatuak adi egotera deitu du, hortaz, "bide judizialak agortzen direnean antolakuntzaz eta borrokaz garaipenak lor daitezkeela erakutsi baitugu behin baino gehiagotan". Are: azpimarratu du, "emakumea eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista presioa egiten egon izan ez bagina, etxegabetze hau gauzatu egingo litzatekeela, bizkor eta isilpean balitz ere". "Horretaz baliatzen baitira epaitegiak, instituzioak eta etxejabeak: jendearen babesgabetasunaz eta ezjakintasunaz".

Iruñeko Udalak etxegabetu egiten du

Udal-enpresa bat izanik Descalzos kaleko desalojoa gauzatu nahi duena, sindikatuak hasieratik seinalatu du Iruñeko Udala dagoela "etxegabetzearen atzean". Horiek horrela, eta udalak astelehenean Aranzadiko komentu zaharra hustu eta 100 pertsona baino gehiago etxegabetu zituela gogoan izanda, sindikatuak argi salatu du: "Iruñeko Udalak etxegabetzen du".