AKTUALITATEA / Autoritarismoa
Irregulartasun gehiago aurkitu dituzte Gasteizko Mitika diskotekako segurtasun-zerbitzuan
Ibilgailuak konpontzen dituen enpresa bati azpikontratatu zioten kontrol-lana. Hiltzaileak eta arduradunak aurrekariak dituzte 20 bat erasorengatik.
2026eko uztailaren 17 - 07:10
Irregulartasun gehiago aurkitu dituzte Gasteizko Mitika diskotekako segurtasun-zerbitzuan
— ARGAZKIA EITB

Gasteizko Mitika diskotekan, segurtasun-zerbitzuko atezain batek Kerman Villate izeneko gazte bat erail zuen iazko otsailean: ageriko arrazoirik gabe ukabilkada bat jota hil zuen. Horri lotuta, zabalik dago hiltzaileari eta Mitikako segurtasun-zerbitzuari buruzko ikerketa, eta hamaika irregulartasun identifikatu dituzte jada. Gasteizko Instantzia Auzitegiaren esku dago kasua.

ElDiario.es-ek jaso duenez, Le Basque taldeko enpresa bat (Le Basque Services) kontratatu zuen Mitikak kontrol-lanetarako, baina ez filial horrek ez Kerman hil zuen ateazainak ez zeukaten beharrezko habilitaziorik jardunerako. Horrez gain, 2025eko otsaileko gau hartan, enpresarekin ageriko loturarik ez duen pertsona bat ari zen "koordinazio" lanez arduratzen, eta badirudi Le Basquek beste enpresa bati azpikontratatu ziola segurtasun-zerbitzua: Basaldea 84. Azpikontratatutako konpainia horrek, teorian, ibilgailuak konpontzen jarduten du. Ikerketan seinalatu dutenez, enpresa hori ere ez zegoen gaituta zerbitzua emateko.

Hori gutxi balitz, bai hiltzaileak bai "koordinazio" lanetan ari zen arduradunak aurrekariak dituzte 20 eraso ingururengatik, ukabilkadak eta ostikadak tartean. ElDiario.es-en esanetan, Mitikan gertatu ziren eraso gehienak, baina baita beste aisialdi-lokal batzuetan ere.

Kermanen senideek eta lagunek justizia exijitzen jarraitzen dute urte eta erdiren ondoren, eta Auzitegi Gorenera jo zuten urte honen hasieran, salatuz Arabako Auzitegiak larritasuna kendu diola auziari: iazko azaroan utzi zuen aske hiltzailea.