Gaur goizaldean, Amerikako Estatu Batuetako eta Irango Errepublika Islamikoko gobernuek bake-akordio bat ofizialdu dute, Washingtonek eta Tel Avivek Teheranen aurka egindako erasoaren ondoren, amaiera emango liokeena Ekialde Hurbilean hiru hilabetez luzatu den gatazka armatuari. Munduko itsas-bide estrategikoenetako batean zirkulazioa berrezartzea ere ekarriko luke akordioak. Aldebiko konpromiso bat hitzartu zelako lehen zantzua Islamabadetik iritsi zen, Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroak bere sare sozialen bidez iragarri baitzuen fronte guztietako operazio militarrak berehala eta behin betiko etengo zirela, Libanokoa barne. Pakistango agintariak zehaztu zuenez, ituna "hainbat astetako elkarrizketa gurutzatuak, aurkako deklarazioak eta boikot saiakerak izan ostean" lortu da.
Sharifek iragarpena egin eta minutu gutxira, Donald Trumpek konpromisoa berretsi zuen Truth Social plataforman. Bere mezuan, agintari estatubatuarrak Teheranekiko akordioa "itxita" zegoela jakinarazi zuen, eta Ormuzko itsasartea bidesaririk gabe irekitzeko baimena eman zuen. Aldi berean, AEBetako indar armatuek eskualdean zuten itsas-blokeoa berehala kentzeko agindu zuen. Bestalde, Irango estatu-telebistak handik gutxira baieztatu zuen fronte guztietan bukatu zela gerra. Hala ere, Irango agintaritzek eta iturriek defendatu zuten Washingtonek bere burua behartuta ikusi duela Iranekin eta bere aliatuekin zuen gatazka amaitzeko, eta ez zion sinesgarritasun handirik eman Israelgo Gobernuak bere okupazioa eta bonbardaketak geldiaraziko zituelako ideiari.
New York Times egunkariak zehaztu duenez, Mohammad Bagher Ghalibaf Irango negoziatzaile nagusia eta Abbas Araghchi Atzerri ministroa Genevara joango dira ostiral honetan, hilaren 19an, JD Vance presidenteordearekin akordioa sinatzeko.
Israelek Beiruti eraso dio berriro
Bake-hitzarmenaren iragarpenak bat egin du Washingtonen eta Tel Aviven arteko tentsio diplomatikoaren gorakadarekin, Israelek Beiruten aurka goizean bertan egindako eraso baten ondorioz; izan ere, gutxienez hiru pertsona erail eta sei zauritu zituen. Trumpek berak kritikatu zuen Libanoko erasoaldi militarra, bere kanal ofizialen bidez, eta adierazi zuen ekintza ez zela "gertatu behar", hurbil baitzegoen Irango Gobernuarekin negoziazioak ixtea.
Teherandik, akordioa iragarri baino ordu batzuk lehenago, gobernuko hainbat iturrik esan zuten Israelek Dahiyeren kontra (Beirut hegoaldean) egindako azken erasoa "ez zela erantzunik gabe geratuko", eta negoziazioak bertan behera gelditu zirela. Hori dela eta, AEBetako iturrien arabera, Trumpek bitartekari-lanak egin behar izan zituen in extremis, Iran konbentzitzeko, "berehalakoa" zirudien erantzuna geldiarazteko, eta negoziatzen jarraitzeko.
Izan ere, Israelen erasoak, teorian bilatzen zuenaren kontrakoa lortuko zukeen. Akordioa iragarri eta gutxira, Irango kantzilerordeak esan zuen Iranek itunean "bilatzen zituen berrikuspen batzuk erraztu" egin zituztela "Libanon izandako gertaerek eta indar armatuek egindako adierazpenek", eta horrek guztiak "negoziazioak aurrera egiten lagundu" zuela. "Indar armatuak prest zeuden erantzun sendo bat emateko", gaineratu zuen: "Indar militarraren erakustaldiak eta egindako mehatxuek testua amaitzeko prozesuan lagundu zuten, baita testua bukatu aurretik konpontzeke zeuden zenbait gairekin aurrera egiten ere".
Akordioaren edukia
Oraingoz, bi aldeek berretsi duten gauza bakarra bake-akordio bat dagoela da, itsas-blokeoen amaiera, Ormuz erabat irekitzea eta fronte guztietan liskarrak etetea eragingo lukeena. Hala ere, Israelgo Maariv egunkariak zabaldutako informazioaren arabera, Netanyahuk Trumpi esan dio ez dela "interpelatuta" sentitzen, eta, ondorioz, okupazio-indarrak mantenduko dituela Libanon.
Iranek, Fars agentziaren bitartez, nabarmendu du Errepublika Islamikoak eta Omanek elkarrekin arautuko dituztela itsasartea igarotzeko arauak, eta gaineratu du auzi nuklearra 60 egunez eztabaidatuko dutela orain, gaurtik aurrera. Era berean, Irango Armadaren arabera, "Irango herriak, indar armatuek eta Erresistentziako taldeek erakutsi dute Estatu Batuek eta Israelek porrota onartzea beste aukerarik ez dutela".
Honakoak dira akordioaren puntuak, Irango Mehr komunikabide erdi-ofizialaren arabera:
- Berehalako su-eten iraunkorra fronte guztietan, Libanon barne.
- AEBen konpromisoa Irango barne-arazoetan ez esku hartzeko.
- Itsas-blokeoa amaitzea eta Ormuzko itsasartea berriro irekitzea 30 eguneko epean.
- AEBen indar militarrek atzera egitea Iran inguruko eremuetan.
- Petrolioari lotutako zigorrak etetea eta Iranek bere diru-sarreretara zuen sarbidea lehengoratzea.
- 300.000 milioi dolarreko partidak AEBen eta aliatuen aldetik, berreraikitzeko planetarako.
- 60 eguneko negoziazioak, programa nuklearrean oinarritutako azken akordio bat lortzeko eta zigorrak arintzeko.
- Iranek berresten du ez duela arma nuklearrik garatuko TNParen arabera.
- AEBetako tropen hedapen berririk ez, edo zigorrik ez negoziazioak iraun bitartean.
- 24.000 milioi dolarreko liberazioa Irango aktibo izoztuetan, negoziazio-aldian.
- NBEko Segurtasun Kontseiluaren monitorizazio- eta babes-mekanismo bat sortzea akordioa amaitzean.
- Misilen programak eta Iranek eskualdeko talde aliatuei ematen dien laguntza elkarrizketetatik kanpo geratuko lirateke.
Bestalde, AEBek, Trumpen eta bere eskuin esku JD Vancen bitartez, esan dute Teheranek ez duela "inoiz" bonba nuklearrik lortuko, eta, itsasartean dauden minak deuseztatu ostean, petrolioa "berriro ibiliko" dela bere bidean.
Akordioaren puntuak Axios hedabide estatubatuarraren arabera:
- Gaur egungo su-etenaldia 60 egunez luzatzea (bi alderdiek adostuta berritu daiteke). Su-etena fronte guztietan ezartzen da, baita Libanon ere.
- Ormuz berriro irekitzea, berehala eta bidesaririk gabe. Iranek minak kendu behar ditu eta ziurtatu behar du trafikoa gerra aurreko baldintzetara itzuliko dela 30 egunean. AEBek beren itsas-blokeoa kenduko lukete.
- Iranek konpromisoa hartzen du arma nuklearrak ez garatzeko eta ez eskuratzeko. 60 eguneko aldi bat ezartzen da negoziatzeko.
- Iranek bete beharreko zigorrak arintzea.
- Barne-interferentziarik ez Iranen, eta haren "subiranotasuna".
- Ez dago Iran inguruko eremuetatik indarrak erretiratzeko konpromisorik.
Esan nuen lekuan diot
Hasieran, Trumpek, Teheranen "erregimen-aldaketa" bat lortzea aitzakiatzat hartuta ekin zion Iranen aurkako erasoaldiari, baina The Wall Street Journal egunkariaren esanetan, orain esan du ez zaiola "inoiz axola izan erregimen-aldaketa". Eta gehitu du: "Hau da hitz egin dugun hirugarren taldea, eta hau da orain arteko talderik arrazionalena".
Are gehiago, nazioarteko hainbat analistak ohartarazi dutenez, Trumpek saltzen duen "garaipena", izatez, "irteera-laukira itzultzea" baino ez da, Iran gerraren aurretik ere prest baitzegoen bere estatus nuklearra negoziatzeko, eta Ormuzen itxiera gerraren beraren ondorioa baino ez baitzen izan. Iranek, berriz, zigorrak kentzea, itsasartea gehiago kontrolatzea, "su-etena" Libanoko egoerari lotzea eta Washington eta Tel Aviv buru dituen Mendebaldeko koalizioari "pultsua irabaztea" lortu du.