200 ikusle baino gehiagoren arretapean, Joseba Sarrionandia eta Bernardo Atxaga euskal literaturaren erreferenteak ia bi orduz aritu ziren solasean Gasteizko campuseko Herri Unibertsitateko lehen egunean. Ia bi ordu iraun zituen solasaldian gai ugariz mintzatu ziren: besteak beste, euren bizipen pertsonalez, egungo nazioarteko egoeraz, literaturatik egin daitekeen ekarpenaz eta euskal literaturak azken hamarkadetan izan duen bilakaeraz.
Inguruak baldintzatutako errealitateak
Atxagaren esanetan, Euskal Herrian, garaiaren eta tokiaren arabera, "errealitate oso ezberdinak" bila daitezke: beraz, idazlearen eginkizuna da "nork bere munduan barrena" azaltzea errealitate hori. Bi idazleen nerabezaroei erreparatuta, bata Asteasun jaioa –eta Andoainen hezia– eta bestea Iurretan hezia, euskararekiko zuten harremana guztiz ezberdina izan zen.
Asteasuarrari dagokionez, bizitzako lehen urteak igaro zituen giroan soilik euskaraz mintzatzen zen ingurukoekin. Gaztelera eskolan ezagutu bazuen ere, haren arabera, euskara ez zen bere hizkuntza nagusia, "hizkuntza osoa" baizik. Hamahiru urterekin Andoainera bizitzera joan zenean, ordea, beste errealitate batekin egin zuen topo: gazteleraz egiten zen zinema, poesia edota fikzioa ezagutu zituen, eta euskararekiko zuen pertzepzioa guztiz aldatu. Bilbora unibertsitate ikasketak egitera joan zenean, gazteleraz hasi zen idazten: Gabriel Arestiren eta Xabier Kintanaren eskutik, ordea, euskaraz idazteari ekin zion.
Iurretarrak, berriz, euskararekiko eta orduko euskal gizartearekiko zuen harremana anekdota batekin azaldu du: 11 urte zituenean izan zen, Burgosko Prozesuaren harira Durangon eginiko protestetako batean harrapatuta geratu baitzen esnea erostera joan zenean. Sarrionandiak ama eta aita baserrian eta euskararen inguruan hezitakoak bazituen ere, umeek euren artean gazteleraz egiten zuten: hamalau urte zituenean, hark dioenez, ez zen gai euskaraz hitz egiteko baina bai ulertzeko. Are gehiago, gazteleraz egiten zuten beste ikaskideekin batera burla egiten zieten eskolan gazteleraz ongi moldatzen ez ziren euskaldunei.
Amonak bultzatuta, ordea, Durangon antolatzen ziren gau eskoletan izena eman zuen hamasei urterekin, eta berehala lortu zuen euskara berreskuratzea. Gainera, 70eko hamarkadan, Francoren heriotzarekin batera izan zen Espainiako Estatuko eta Euskal Herriko testuinguruaren aldaketekin batera, ordura arte debekatuta zeuden hainbat egile hasi zen irakurtzen: besteak beste, Mao Zedong, Trotsky eta Lenin.

70eko hamarkadako testuingurua
70eko hamarkadarekin jarraiki, Atxagaren arabera, "sekulako gatazkak" egon ziren hamarkada horretan euskararen barnean: "Handiena, eta oraindik ere badagoena, purismoarena izan zen". Asteasuarrak adierazi zuen Bilbon mugimendu sendo bat eraiki zela purismoaren aurka, Gabriel Aresti eta Xabier Kintana erreferente gisa zituena. Euskararen baitako gatazka horietan izandako rola azaltzeko, Arestiren Harri eta herri poesia liburuko Profeta bati pasartea irakurri zuen Atxagak, zera ondorioztatzeko: "Gu beti gutxiengoa izan gara gatazka horietan, eta horrek ekarri du gure ibilbidea benetan zaila izatea".
60ko eta 70eko hamarkadetako Euskal Herriaren egoera deskribatzeko, berriz, Sarrionandiak eskizoglosia hitza aipatu zuen, Enair Haugen soziolinguistiko norbegiarrak erabilia. Izan ere, iurretarraren esanetan, euskaldunak, hizkuntzari zegokionez, "segurtasun falta handi batean" murgilduta zeuden: "Ez zegoen gramatika edota ortografia batasunik euskaran, eta horrek toki ezberdinetako euskaldunen artean konfiantza handirik ez egotea eragiten zuen".
80ko hamarkadan, ordea, euskara batua ezarri zen: eta, horrekin batera, gramatika eta ortografia batasuna. "Horrek ekarri zuen hizkuntza literario amankomun bat ezartzea, eta geroz eta lan gehiago argitaratzea euskaraz. Mundu modernorako literatura egiteko hizkuntza bat ekarri zuen", azpimarratu zuen Sarrionandiak. Bestalde, literaturaren autonomiaz Txillardegirekin edukitako eztabaidaz galdetuta, Atxagak argi adierazi zuen literatura ezin dela autonomoa izan: "Hizkuntza agintariaren ideologiaz kutsatuta dago; beraz, literatura ezin da autonomoa izan, beti izango da garai bakoitzeko gizartearen araberakoa".
Ibilbide ezberdinak eta literaturaren bi ikuspegi ezberdin
70eko hamarkadan eraikitako mugimendu sendoan batera lanean aritu baziren ere, Atxagak eta Sarrionandiak bide ezberdinak hartu zituzten 80ko hamarkadaz geroztik: lehenengoa Euskal Herrian euskaraz idazten zuen lehen idazle profesionaletako bat bilakatu zen; bestea, berriz, ETAko kide izateagatik espetxeratu zuten eta ondoren Kuban erbesteratu zen. Beraz, literaturarekiko izan zuten harremana guztiz baldintzatu zuen bakoitzak hartutako bideak.
Atxagaren kasuan, hark zioen, hein handi batean, idazle profesional bilakatu zela Euskal Herriak izan zuen bilakaera dela eta: "Euskaraz zeudenez eskolak, umeek liburuak behar zituzten eta idaztean ogibide gisa hartzen hasi ginen euskarazko literatura". Horren harira, asteasuarrak esan zuen "asko" zor diola herriari, baita bere bizitza profesionala ere.
21 urterekin espetxeratu zuten Sarrionandia; 1985ean, ordea, Martuteneko espetxetik ihes egitea lortu eta Kuban erbesteratu zen. Handik Euskal Herrira, berriz, 63 urterekin itzuli zen, 2021ean. Iurretarraren arabera, "zorte handia" izan du idazle gisa, erbesteak asko lagundu baitio: "Ez dut zentsurarik izan eta nahi dudanaz idatzi dut, presiorik gabe; gainera, euskal literaturan eta gizartean egon diren zentzurik gabeko eztabaida ugaritan ez dut parte hartu". Hortaz, Sarrionandiak adierazi zuen ez duela euskal literatura lan gisa hartu.
Gaur egungo egoerari zer dioten esateko (literaturatik eta literaturaz kanpo zer egin daitekeen)
Solasaldiarekin amaitzeko, kapitalismoak bizi duen krisi historikoak zeharkatutako testuinguru orokorra izan zuten hizpide bi idazleek. Sarrionandiak azaldu zuen eurak "deskolonizazio" garaia deitu zioten horretan hezi zirela: "Hori, ordea, ez zen horrela izan, egoera neokoloniala kolonialismo garaiaren berbera izan baitzen". Egungo egoera, iurretarraren arabera, duela hogei urte "globalizazioa" deitu zitzaion mundu sistema berri horrek ekarritako "inperialismoaren gordintzea" da. Sarrionandiak azpimarratu zuen kapitalismoak "basamortu" bilakatu dituela Afrika eta Latinoamerika osoa: "Bertakoek mugikor bidez ikusiz gero nola bizi diren beste herrialdeetan, migratzera bultzatzen dituzte". Horrek, ondorioz, arrazismoa ekartzen du Sarrionandiaren esanetan, "estatu aparatuen interesek" indartuta. Haren iritziz kapitalismoa ez dago krisian, baizik eta "geroz eta indartsuago eta oldarkorrago", egun ez baitu aurre egingo dion alternatibarik.