AKTUALITATEA / Errepresioa
Inkomunikatuta jarraitzen du Pablo Gonzalez kazetariak
Otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian, eta hiru hilabeteko behin-behineko kartzelaldia ezarri diote, espioitza delitu bat egotzita. Ordutik ez diote utzi bere hurbilekoekin ez eta konfiantzazko abokatuarekin hitz egiten.
2022eko apirilaren 4
Inkomunikatuta jarraitzen du Pablo Gonzalez kazetariak

Hilabete baino gehiago igaro da Pablo Gonzalez kazetari nabarniztarra atxilotu zutenetik. Polonia eta Ukraina bereizten dituen mugatik gertu atzeman zuten Poloniako autoritateek, kazetaritza lanetan ari zela. Errusiarentzat espioitza lanak egitea leporatu diote, eta behin-behinean espetxeratu dute; gutxienez maiatzaren 29ra arte izango dute preso Poloniako autoritateek.

Oraindik inkomunikatuta daukate Gonzalez, ez baitiote utzi bere gertukoekin hitz egiten edo egoten, ez eta bere konfiantzazko abokatuarekin harremanetan egoten ere. Espainiako Estatuak Polonian daukan kontsulari soilik utzi diote kazetaria bisitatzen, eta bera bi aldiz izan da espetxean. Kontsularen esanetan, bere kasua salatzeko "presioa" mantentzeko eskatzen du kazetariak.

Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuneko hemezortzi artikulu urratu dituzte Poloniako autoritateek Gonzalezen atxiloketan eta kartzelaratzean.

Ofiziozko abokatu bat izendatu zuten kazetariarentzat, baina duela hainbat egun aldatu zuten; orain, ustez, beste ofiziozko abokatu batek darama Gonzalezen defentsaren prestaketa.