AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Ikerlari doktoregaiek "lan-baldintza duinak" aldarrikatu dituzte Ibaetan
Ibaetako campusean elkarretaratzea egin zuten atzo ikerlari doktoregaiek, Doktoregaien Asanbladak deituta. Sei aldarrikapen zehatz egin dituzte haien lan-baldintzei dagokienez. Deialdiarekin bat egin zuen UIBk.
2021eko martxoaren 25
Ikerlari doktoregaiek "lan-baldintza duinak" aldarrikatu dituzte Ibaetan

Euskal Herriko Doktoregaien Asanbladak mobilizatzera dei egin zuen atzorako, Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) campusean. Aulariopean egin zuten elkarretaratzea Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) ikerlari doktoregaiek, eta "lan-baldintza duinak" exijitu zituzten beste egun batez.

Nagusiki, ondoko eskakizun zehatzak egin dituzte:

  1. Ikerlari doktoregaiak UPV-EHUko lan-hitzarmenaren parte izatea, haien kontratuei formakuntza izaera kentzeko.
  2. Ikerlari doktoregaien soldata irakasle laguntzaileen soldatarekin berdintzea.
  3. Doktoregotzari lotutako matrikulen eta tasen doakotasuna.
  4. Irakaskuntza enkarguaren kontrol erreala. Gehienez 60 ordu egitea urteko eta, betiere, formakuntzara bideratutakoak baldin badira.
  5. Doktoregai orok (kontratudun zein kontratu gabeko) gainontzeko irakasle-ikertzaileen (IIP) baliabide berak izatea; esaterako, lanerako azpiegitura egokia.
  6. Ikerlari orori kontratua egitea.

Doktoregaien Asanbladaren mobilizazio deialdiarekin bat egin zuen Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB), eta atzoko kontzentraziora batu ziren ikasleak ere.