AKTUALITATEA / Olatu erreakzionarioa
Igandean mobilizatzera deitu dute, Donostiako afari solidarioei jarritako debekuaren aurka
Blas de Otero plazatik hasiko da manifestazioa, 18:00etan, eta faxismoaren eta arrazakeriaren gorakada salatuko dute. Egian afari solidarioak ematea debekatu du Donostiako Udalak, erreakzionario talde bat ekimenaren kontra mobilizatu ondoren.
2024eko urriaren 25
Igandean mobilizatzera deitu dute, Donostiako afari solidarioei jarritako debekuaren aurka
— ARGAZKIA Donostitik.com

Igande honetarako, urriaren 27rako, hitzordu garrantzitsu bat jarri dute Donostian (Gipuzkoa). Egia auzoan Kaleko Afari Solidarioak ematea debekatu du udalak, ekimenaren kontrako protesta faxista baten ostean. Asteburuan, baina, debekuaren kontrako mobilizazio bat izango da, Elkartasunari debekurik ez! lelopean.

Blas de Otero plazatik abiatuko da manifestazioa, arratsaldeko 18:00etan. Udalaren erabakia gaitzesteaz gain, faxismoaren eta arrazakeriaren gorakadaren kontra hartuko dute kalea. Donostiako Kontseilu Sozialistak jakinarazi duenez, hainbat kolektiboren eta norbanakoren artean prestatu dute mobilizazioa.

Atzo arratsaldean, Kaleko Afari Solidarioak antolatzen dituzten kideek agerraldi bat egin zuten Egian, eta jende ugari bertaratu zen babesa ematera. Besteak beste, boluntarioek eta afaltzera joaten diren pertsonek azkenaldian jasandako erasoen berri eman zuten, baina azaldu zuten elkartasun-afariak banatzen jarraituko dutela hiriko beste auzo batzuetan.