AKTUALITATEA / Errepresioa
Jazarpen poliziala Barakaldoko txosnagunean, 'Polizia hiltzailea' dioten pegata batzuengatik
Pegatinak zeramatzaten hainbat gazte identifikatu dituzte Santurtzin, eta Barakaldon, udaltzainak txosnagunera sartu dira gauez, eranskailuei argazkiak ateratzeko.
2026eko uztailaren 16 - 04:53
Jazarpen poliziala Barakaldoko txosnagunean, 'Polizia hiltzailea' dioten pegata batzuengatik

Aldarri politikoak egiteko eskubideari eraso egiten jarraitzen du Poliziak bai Barakaldoko (Bizkaia) txosnetan bai Santurtziko (Bizkaia) kaleetan. Asteartetik asteazkenerako gauean, Barakaldoko txosnagunera sartu eta "Polizia hiltzailea" mezua zeramaten pegatinei jazartzen jardun zuten udaltzainek: jarrita topatu zituzten eranskailuei argazkiak ateratzen aritu ziren.

Horren aurretik, Santurtzin, pegatina berdinak zeramatzaten hainbat gazte identifikatu eta materiala konfiskatu zien Ertzaintzak.

Eranskailu horietan, "Polizia hiltzailea" leloaz gain, udaltzain bat ikus daiteke taser pistola bat eskuetan duela. Izan ere, Santurtzin bertan, Ander izeneko gazte bat erail dute berriki udaltzainek, taser pistola batekin eta borrekin jipoitu ostean, koman sarrarazi baitzuten ekainaren amaieran. Handik bi egunera hil zen. 

Barakaldoko txosnagunean, ugariak izaten ari dira adierazpen-askatasunaren aurkako erasoak. Aurreko ostiral gauean, jai-eremura sartu ziren 20 bat agente, eta biolentzia poliziala edo Israel salatzen zituzten hainbat pankarta kendu zituzten. Astelehenean, gainera, Voxeko hainbat kide bertaratu ziren, txosnetako mezu politikoak seinalatzeko bideo bat grabatzeko.