AKTUALITATEA / Euskal herriko ikasle antolakunde sozialista
IAk elkarretaratzeak deitu ditu eskualdeetan, ikastetxeetako askatasun politikoen urraketa salatzeko
Hainbat hezigunetako zuzendaritzek irailaren 15eko ikasle greba deialdiari jarritako oztopoak eta jarduera politiko orokorraren aurkako erasoak salatu dituzte IAko kideek. 'Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu!' lelopeko greban, 76 ikastetxetan aurkeztu zuten deialdia ikasleek, eta 58tan ukatu zieten greba eskubidea.
2020eko irailaren 27
IAk elkarretaratzeak deitu ditu eskualdeetan, ikastetxeetako askatasun politikoen urraketa salatzeko

Larunbat honetan, hilak 26, ohar bat plazaratu du Ikasle Abertzaleakek, datorren astearterako, irailak 29, elkarretaratzeak deitzen hainbat eskualdetan. Askatasun politikoen defentsan, langile antolakuntza lema hartuta egin ditu deialdiak.

Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu! dinamikari jarraiki, greba egiteko eskakizunak aurkeztu zituzten ikasleek EAEko 76 hezigunetan. Dena den, horietatik 58 ikastetxek ukatu zieten greba eskubidea ikasleei, "ikasleriari iritzia emateko inolako aukerarik eman gabe". Greba egiteko aurkera eman zuten ikastetxe gehienetan, aldiz, "falta justifikatuen metodoa" erabili zen, greba eskubidea bera errespetatu beharrean.

Horren aurrean, "lan politikoa egiteko bermeak izan arte borrokan jarraituko" duela dio IAk. Hain zuzen, irailaren 15eko grebarako aurkeztu zituen hiru aldarrikapenetako bat zen askatasun politikoen auziarena. "Greba eskubidea ukatu duten zuzendaritzen kopurua azken urteetako handiena izan da, eta gertakariek argi azaleratzen dute lan politikoa egiteko eskubidea urratzeak ez duela inolako kosturik zuzendaritzentzat", argudiatu du ikasle antolakundeak.

JARRERA AUTORITARIOA

Horretarako osasun-neurriak bermatzearen aitzakia baliatu bada ere, IAko kideek argi dute euren jarduera egiteko klaseko "neurri berberak" aplikatzen dituztela. "Lan politikoa egiteko bermeak izan arte borrokan jarraituko dugu", berretsi dute.