Zigor ikaragarri altua jarri diote Realeko zale bati, Ertzaintzari zenbait harri botatzea leporatuta. Joan den otsailean egin zioten epaiketa Gipuzkoako Probintzia Auzitegian, 2022ko martxoaren 13ko gertakari batzuei lotuta, eta hiru urte eta 11 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri diote, 1.800 euroko isunarekin batera.
Duela lau urte, Reala-Alaves norgehiagokaren aurretik, konfrontazioak izan ziren Poliziarekin Donostian. Epaiketan, auzipetutako gazteak esan zuen "bi edo hiru" harri bota zizkiela ertzainei, eta "alkoholaren eraginpean" egin zuela. Aipatutako zigorrez gain, ustez lesioak jasandako hiru ertzaini eman beharko dizkie 1.000 eurotik gorako kalte-ordainak. Sententziaren aurkako helegite bat aurkeztuko du defentsak.
Bigarren pertsona bat ere auzipetu zuten, eta bera erruduntzat jo du epaileak. Ertzainei "zaborra" deitzean atxilotu zuten estadioaren kanpoaldean, baina epaiketan azaldu zuenez, taberna baten barruan zegoen hasieran, konfrontazioak hasi zirenean. Ertzain batek baieztatu zuen liskarretan parte hartu zuela pertsona horrek; epaileak adierazi du, ordea, "zalantza serioak" sortzen dituela baieztapen horrek. Absolbitu egin du, beraz.