AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Hirugarren greba-eguna Amurrioko Tubos Reunidosen
Espedienteari buruzko bilerekin bat eginez deitu dituzte grebak Arabako fabrikan, 301 kaleratze ezarri nahi baititu zuzendaritzak. Gaurko bilera 10:00etan izango da.
2026eko otsailaren 17
Hirugarren greba-eguna Amurrioko Tubos Reunidosen

Amurrioko (Araba) Tubos Reunidoseko langileak hirugarren egunez greba egiten ari dira, zuzendaritzak indarrean sartu nahi duen kaleratze masiboaren aurka: 301 behargin bidali nahi dituzte kalera, horietatik 274 Amurrioko fabrikan.

Enplegu-erregulazioko espedientearen inguruko bilerak hitzartuta dauden egun beretan, greba-egunak deitu dituzte ELA, LAB, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek, eta gaur da horietatik hirugarrena. Otsailaren 23an eta 26an eta martxoaren 4an eta 9an izango dira hurrengo bilerak; eta, beraz, hurrengo grebak.

Gaurko bilera 10:00etan egingo dute enpresa-zuzendaritzak eta sindikatuek, eta ikusteke dago zer berri egongo diren. Aurreko grebetan egin bezala, goizean goiz Amurrioko lantegiko sarreran elkarretaratu dira gaur langileak, hainbat eta hainbat pertsonaren babesean. Lan-suntsiketarik ez. Kaleratzeei ez. ERE-rik ez irakur daiteke eskuetan daramaten pankartan.