Ertzaintzako hiru agente ikerketapean daude Bilboko (Bizkaia) epaitegietan, iazko apirilaren 3an, bi gazte jipoitzeagatik. Etxarri II Gaztetxearen huste-prozesuan gertatu zen, desalojoaren kontra protesta egitera bertaratu zen jendeari eraso baitzion Poliziak: besteak beste, aipatutako bi pertsonak atxilotu zituzten ertzainek, eta tratu txarrak eman zizkieten atxiloaldian.
Haietako bat polizia-furgonetaren barruan jipoitu zuten, eskuburdinekin lotuta zegoela. Gaur egun, normalean, bodycam-ak daramatzate gainean ertzainek, baina hala ere, ez dute atxiloketa horren irudi-grabazio bat bera ere aurkeztu epaitegian.
"Behin atxilotuta eta jada furgoian, irainen artean jotzen jarraitu ninduten", azaldu du gazte horrek Etxarrik jasotako bideo batean: "Erori nintzen eta atzetik bizkarrean kolpe batzuk eman zizkidaten eta gogor immobilizatu ninduten, eta lurrean nengoenean, kolpe gehiago eman zizkidaten".
Salaketa jarri zuten atxiloaldian zauritutako bi pertsonek, eta mediku-txostena jaso ostean, salaketa aintzat hartu zuen epaileak. Denera, hiru dira horregatik ikerketapean dauden ertzainak.
Beste pertsona batek barrabil bat galdu du karga polizialen ondorioz
Jipoitutako bi gazte horiek ez ziren izan Gaztetxearen desalojoan Ertzaintzak zauritutako pertsona bakarrak, hainbat izan baitziren biktimak. Iker Arana iralarra, esaterako, foam jaurtigai batekin jota zauritu eta mutilatu zuten ertzainek, testikulu bat galdu baitu jasandako tiroaren ondorioz.
Justizia Aranarentzat plataformak aurreko astean argitaratu zuen bideo bat, Ertzaintzaren eta defentsaren bertsioa gezurtatzeko. Izan ere, Aranak polizia-lerroa gainditu zuela eta kristalezko botilak jaurti zituela esan dute poliziek, eta defendatu dute tiro egiteko mantendu omen zuten distantziatik "ezinezkoa" dela norbaitek barrabila galtzea. Plataformak plazaratutako bideoak, ordea, hori gezurtatzen du.
Poliziaren inpunitatearen beste adibide bat
"Poliziaren jazarpen kasu argia" eta "Ertzaintzaren inpunitatea" erakusten ditu Errekalden gertatutakoak, Etxarri II Gaztetxetik salatu dutenez, nabarmendu baitute ez dagoela "atxiloketaren ondoren gertatutakoaren inongo grabaziorik edo frogarik". Horiek horrela, beharrezkotzat jo dute "erantzukizuna" dutenek euren gain hartzea: "gazteak jipoitu zituzten ertzainek", batetik, eta "Gaztetxearen aurkako polizia-dispositibo erraldoia bultzatu zuten arduradun politikoek", bestetik. Gogorarazi dute, gainera, ia urtebete igaro dela Poliziak Gaztetxea indarrez hustu zuenetik, eta espazioak erabilerarik izan gabe jarraitzen duela ordutik.
"Azken hilabeteetan Ertzaintzaren errepresio eta jazarpen kasu ugari izaten ari direla" eta "gazte antolatuen aurkako kriminalizazioa" indarrean dagoela ohartaraziz, Etxarritik beharrezkotzat jo dute "Poliziaren inpunitatearen kontra egitea" eta "Gaztetxeak defendatzea".