Iruñean, iazko sanferminen hasierak balantze errepresibo erraldoia utzi zuen: uztailaren 6an, Poliziak 50 pertsona baino gehiago identifikatu zituen propaganda politikoa jartzeagatik, hainbat pertsona jipoitu eta zauritu zituen txupinazioaren aurretik, eta gutxienez gazte bat atxilotu zuen bertan. Santo Domingoko aldapako konfrontazio bat ikertzen aritu da Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegia, eta ikerketa bukatutzat eman du jada epaileak, hiru gazte auzipetuz.
Txupinazoa izan baino lehen, Udaletxe Plaza inguruan kargatu zuten Iruñeko Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak: txupinazora sartzen ari ziren pertsona ugari jipoitu zituzten, besteak beste, hainbat lagun Israelen aurkako aldarria plazara sartu nahian ari zirela aitzakiatzat hartuta. Hainbat zauritu izan ziren, eta poliziak nola oldartzen ziren jaso ahal izan zuen GEDAR LANGILE KAZETAk. Pertsona bati, adibidez, borrarekin jo zioten, lurraren kontra eduki zuten eta hainbat minutuz ito zuten.
Berriki auzipetutako hiru pertsonei "desordena publikoak" eragitea eta agintaritzari "eraso egitea" leporatzen diete. Autoak esaten du Santo Domingoko aldapan udaltzainak eta Espainiako Poliziako agenteak zeudela eta haiek "aurretik eramanez" saiatu zirela auzipetuak plazara sartzen, "ostikadak", "bultzadak" eta "objektu jaurtiketak" tarteko.