AKTUALITATEA / Soldata sistema
Hil egin da Tafallan AHT eraikitzeko lanetan istripua izan zuen langilea
Uztailaren 15ean izan zuen istripua, AHTaren Tafallako ibilbideko lanetan, hain zuzen. Egoera oso larrian eraman zuten Nafarroako Ospitalera 48 urteko gizona eta, bi asteren ondoren, bertan hil da.
2022eko uztailaren 29
Hil egin da Tafallan AHT eraikitzeko lanetan istripua izan zuen langilea
— ARGAZKIA Noticias de Navarra

Uztailaren 15ean lan-istripu bat izan zen Tafallan (Nafarroa), Abiadura Handiko Trena (AHT) eraikitzeko lanetan. Aldamio batetik jausi zen 48 urteko gizon bat eta, ondorioz, larriki zauritu zen.

Egoera oso larrian eraman zuten Iruñeko (Nafarroa) Nafarroako Ospitalera eta, bi aste igaro ostean, hil egin da behargina. AHT eraikitzeko obretan "hainbat istripu zein lan-heriotza" izan direla salatu du LAB sindikatuak, bai eta lan-baldintza kaxkarrak nagusi direla ere; izan ere, "arrisku handiko bero-baldintzatan" egin izan dute lan beharginek, "Nafarroan hainbat sute larri izaten ari ziren bitartean", esaterako.

Urtea hasi zenetik, Euskal Herrian, gutxienez 46 langilek galdu dute bizia soldatapean lanean ari zirela edo haien lanpostuetara bidean.