AKTUALITATEA / Soldata sistema
Hil egin da Sestaon lan-istripuz zauritu zen behargin bat
Etxebizitza batzuetan iturgintza-lanetan ari zela izan zuen istripua 29 urteko langileak, maiatzaren 16an. Aurten, gutxienez 27 lan-heriotza izan dira Euskal Herrian.
2024eko maiatzaren 31
Hil egin da Sestaon lan-istripuz zauritu zen behargin bat
— ARGAZKIA Deia

Joan den maiatzaren 16an, asteazkenez, larriki zauritu zen langile bat Sestaon (Bizkaia), soldatapean lanean ari zela. Itxura denez, iturgintza-lanetan ari zen etxebizitza batzuetan, eta eraikineko patiora jausi zen, altuera handi batetik. Lan-istripuan jasandako zauri larriak zirela-eta, atzo bertan zendu zen behargina.

29 urte zituen, eta Sirkus Sistema de Tiendas SL enpresak azpikontratatuta ari zen lanean. Aldi berean, enpresa hori Leroy Merlinek zeukan azpikontratatuta.

2024. urtea hasi zenetik, Euskal Herrian, gutxienez 27 beharginek galdu dute bizia soldatapean lanean, lanera bidean edo lanetik bueltan.