AKTUALITATEA / Errepresioa
Hemezortzi egunen ostean, inkomunikatuta daukate Pablo Gonzalez kazetaria
Oraindik ez diote utzi bere hurbilekoekin edota konfiantzazko abokatuarekin hitz egiten; ofiziozko abokatu bat esleitu diote Poloniako autoritateek, baina kazetariaren gertukoek ezin izan dute berekin hitz egin.
2022eko martxoaren 17
Hemezortzi egunen ostean, inkomunikatuta daukate Pablo Gonzalez kazetaria

Pablo Gonzalez kazetariak hemezortzi egun daramatza Polonian gatibu. Ukrainako gerraren eraginen berri ematen ari zen arren, espioitza delitu bat leporatu diote, eta Rzeswów-ko kartzelan daukate, inkomunikatuta. Oraindik ez diote utzi bere hurbilekoekin hitz egiten edo haien bisita bat izaten, ez eta bere konfiantzazko abokatuarekin, Gonzalo Boyerekin, hitz egiten edo egoten ere.

Boyek salatu duenez, "denbora irabazi nahian" ari dira Poloniako autoritateak. Horren isla da, esaterako, abokatuari gertatutakoa Gonzalezekin egoteko hitzordu bat exijitu duenean. Hasieran, hainbat agiri aurkezteko eskatu zituen, eta polonierara itzulita. Hori bete eta astebetera esan diote ez duela balio itzulpenak, zinpeko itzulpen bat izatea beharrezkoa delako. Izapide horiek egin beharko ditu orain Boyek.

Poloniako autoritateek, aldiz, esan dute ofiziozko abokatu bat esleitu diotela Gonzalezi. Abokatu horrekin harremanetan jarri ahal izateko datuak eskatu zituen Boyek, baina ez du lortu berekin hitz egitea.