AKTUALITATEA / Soldata sistema
Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan 2.060 langabetu gehiagok eman dute izena ekainean
Maiatzeko datuekin alderatuta, soilik Nafarroan egin du behera tasak, -%1,6. Beste lurraldeetan ordea, goranzko joera hartu du; Araban (+%2,36), Gipuzkoan (+%2,14) eta Bizkaian (+%1,70). Zerbitzuen sektorea da langabeziaren igoerak gehien kolpatu duen lan arloa.
2020eko uztailaren 2
Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan 2.060 langabetu gehiagok eman dute izena ekainean

Erregistratutako langabetuen tasak gora egin du Hego Euskal Herrian, ekainean 2.060 beharginek eman baitute izena enplegu bulegoetan. Guztira, 184.912 pertsonak dute bertan izena emana.

Dena den, tasaren igoerak joera ezberdinak izan ditu lurraldearen arabera. Nafarroan behera egin du kopuruak, 673 izen-emate gutxiago zenbatu baitituzte aurreko hilabetearekin alderatuta. Euskal Autonomia Erkidegoan, ordea, gora egin du tasak, enplegu zerbitzu publikoetako bulegoetan 2.733 langile gehiago erregistratu baitituzte aurreko hilabetean. Bizkaian da langabetuen kopurua gehien hazi, ekainean 1.351 langilek jo dutelako bulegoetara. Gipuzkoan 821 langabetu gehiago kontatu dituzte, eta Araban, 561.