Hazparneko Ihauteriak jarri ditu jomugan eskuin muturrak
— ARGAZKIA Le Parisien (X)

Hazparneko (Lapurdi) Ihauteriak jomugan hartu ditu Frantziako eskuin muturrak, otsailaren 7an herriko plazan erre zuten Zanpantzarrak Marine Le Penen alderdiko politikari bat irudikatzen zuelakoan. Sare sozialetan zabaldu diren irudiek panpina erakusten dute sutan, eta eskuin muturretik salatu dute Bilgune Nazionaleko (RN) Jordan Bardella dirudiela.

Berria-k jakinarazi duenez, gertatutakoari buruzko ikerketa bat jarri du martxan Baionako (Lapurdi) prokuradoreak, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak hala aginduta. "Krimen" edo "delitu" bat egiteko mehatxatu izana, agintaritzaren ordezkari bat iraindu izana eta iritzi politikoengatik publikoki probokatu izana daude ikertzen ari diren arau-hauste posibleen artean.

RNko hainbat politikarik sare sozialetan seinalatu dute Hazparneko panpinaren erretzea. "Ezker muturreko" ekintzatzat jo du Mathieu Valetek, eta "demokraziaren kontrako erasotzat" Edwige Diazek. Ihauteriak, gainera, "gorrotorako mintzaleku" gisa deskribatu ditu Valetek.