AKTUALITATEA / Politika instituzionala
Hauteskunde-plataforma berri bat eraikitzera deitu dute Rufianek eta Delgadok
"Voxi probintziaz probintzia irabaziko dion fronte koordinatu" bat proposatu dute, migrazio eta "segurtasun" auzietan eskuin muturraren markoa eurenganatuz.
2026eko otsailaren 20
Hauteskunde-plataforma berri bat eraikitzera deitu dute Rufianek eta Delgadok
— ARGAZKIA N/D

Gabriel Rufian Esquerra Republicana de Catalunyako (ERC) bozeramaileak eta Emilio Delgado Mas Madrideko diputatuak PSOEren ezkerretara omen dauden alderdi guztien arteko akordio bat eskatu zuten asteazkenean, "ultraeskuinaren aurka lehiatzeko". Horretarako, "lurraldeka eta talde parlamentario komun batekin koordinatutako" hauteskunde-formulak erabili nahi dituzte, Madrilen egindako ekitaldi batean azaldu zutenez. "Datorrena basatia da. Beldur naiz demokrata naizen aldetik", zioen Rufianek. Espainiako Kongresuko ERCko parlamentariak gogorarazi zuen, Santiago Abascal hitzez hitz parafraseatuz, "Trump eta Milei AEBetan eta Argentinan egiten ari diren gauza bera" egin nahi duela Voxek Espainiako Estatuan; hori "sufrimendua dela" ohartaraziz.

Voxen gorakadari "aurre egiteko" asmoz, kataluniarrak formula bat proposatu zuen, "siglei eta alderdi bakoitzaren printzipioei uko egin beharrean", hauteskundeetako "emaitza optimizatzeko eta botoa sakabanatzea saihesteko". Eta hori, hain justu, "barruti bakoitzean [hauteskundeetara] zein indar aurkezten den zehaztuko lukeen lurralde-akordio baten bidez" egin nahi du. Gainera, "parlamentu arteko talde koordinatu" bat sortzea ere proposatu du, partekatutako gutxieneko hiruzpalau puntu programatikorekin: "Antifaxismoa, autodeterminaziorako eskubidea eta bizi-baldintzen duintasuna".

Bi politikariek Madrilgo Galileo Galilei aretoan egin zuten ekitaldia, ehunka pertsona, kazetari eta ilara luzeekin. Bertan, "zatiketak gainditzeko eta probintziaz probintzia Voxekin eserlekutan lehiatuko den hautagaitza koordinatu bat egituratzeko beharra" nabarmendu zuten. "Nik ez dut ilusioa piztu nahi, irabazi egin nahi dut. Horrek zientzia, metodoa eta ordena eskatzen ditu", planteatu zuen Rufianek; ohartaraziz, bestela, "bereizita fusilatuko gaituztela politikoki".

Kataluniako diputatuak "eskuzabaltasun-ekintza" bat eskatu zuen, eta Podemos "ezinbestekotzat" jo zuen horretarako. Pablo Iglesias "gure belaunaldiko onena" dela esanez goraipatu zuen; eta Irene Montero, berriz, "naturaren indar" gisa. "Nik honetan guztian nahi ditut. Jende hau soberan dagoela uste duena oker dabil", defendatu zuen. Ekitaldia bi alderdietako zuzendaritzetatik at antolatu zen, eta Sumarreko, Comunseko, IUko edo Compromiseko buruzagi batzuk bertaratu ziren; ez, ordea, Podemoseko arduradun nagusiak.

Egoera nahasia ERCn

Ekimenak barne-kontraesanak sortu ditu ERCn. Joan Tardá diputatu ohiak planteamendu horien aldeko joera bultzatu du, zuzendaritzaren irizpidearen aurka: izan ere, Espainiako Estatu mailan koalizio bat egiteko aukera erabat ukatu du Junquerasen eta Elisenda Alamanyren gidaritzak. Hala ere, larunbat honetan alderdi katalanaren kontseilu nazionalak Tardáren korrontearen sorrera berretsiko du; Àgora Republicanarena, alegia. Eta korronte horrek, hain zuzen ere, Kataluniako "ezkerreko fronte" baten alde egiten du, "bateratze zabalago baten" aurreko urrats gisa. Tardák 600 kideren babesa lortu du, eskatu zioten gutxieneko babesa bikoiztuz, eta bere jarrerak defendatu ahal izango ditu alderdiko organoen aurrean, barne-baliabideen bitartez.

Eskuin muturreko markoa erosten

Delgadok, bere aldetik, "segurtasuna" edo "askatasuna" bezalako "banderak berreskuratu" eta immigrazioari buruz "maniarik gabe" hitz egitearen alde egin zuen ekitaldian. Mas Madrideko diputatuaren ustez, gai horiek "eskuinari laga zaizkio". Kontzeptuen zehaztasun faltaren aurrean, "segurtasuna" aipatzean zertaz ari zen argitu zuen. Eta ez zen ari laneko arriskuen prebentzioaz, indarkeria matxistaz, lanera bidean gertatzen diren trafiko-istripuez, egoera txarrean dauden etxebizitzez edo etxegabetzeez: faxismoaren marko diskurtsiboaz eta moralari lotutako izuez ari zen.

"Ezkerrari, batzuetan, lotsa ematen dio segurtasunaz hitz egiteak. Auzo batzuetan haurrak ezin dira kalera jaitsi, mobidak daudelako. Hori horrela ez dela esaten duenak horrelako auzo batean bizi izan ez delako da", adierazi zuen Delgadok. Behin hori esanda, gaineratu zuen "segurtasun-kontzeptu zabalago baten alde" egiten duela, barne hartzen duena "desberdintasunak zalantzan jartzea, prebentzio-lana egitea edo etxebizitza merkeago guztiak auzo berean ez pilatzea".

Migrazioari eta erlijioari dagokienez, Rufianek ondokoa esan zuen: "Burka basakeria bat da, benetako ezker laikoa bagara, ezin baitugu onartu emakumeak modu horretan ikusezin bihurtzea. Hori maniarik gabe defendatu behar dugu, inork esan gabe, orduan, arrazista zarela".

Eztabaida etengabea

"Ezkerraren batasunari" buruzko betiko eztabaida eta langile-klasearen geruza zabalekin konektatzeko ezintasuna ez dira gauza berria, baina premia areagotu da Voxek inkestetan eta instituzioetan aurrera egin duenean. Rufianek eta Delgadok planteatutako hipotesiak, ikuspegi-ezberdintasunez haratago, kolore desberdinetako sozialdemokraziak pairatzen duen krisi politikoa adierazten dute, ez baitira gai siglen logika gainditu eta eskuindarrekin hauteskundeetan lehiatu ahal izango den subjektu politiko nahikoa sendo bat eraikitzeko.

PSOEren makulu gisa funtzionatzen duten siglen batura hutsa gainditzen duen programarik ez egoteak eta alderdietako zuzendaritzek beren politikari profesionalen botere-kuotak lagatzeari uko egiteak arriskuan jartzen du edozein saiakera. Rufianek eskatzen duen "eskuzabaltasunak", hala, talka egiten du alderdi batzuen errealitatearekin. Izan ere, alde batetik, PSOEren eta bere programaren indar laguntzaile gisa jardutea beste planik ez dute, eta horrek legitimitatea kentzen die; eta, bestetik, ez dira gai euren arteko hauteskunde-lehia atzean uzteko ere, ordezkaritza instituzionaleko besaulkiak galtzeko beldurrez.