AKTUALITATEA / Erreformak
Haurrak ere soldatapean lanean aritzea erraztu nahi du Iowako Senatuak
Adingabeek gehienez izan dezaketen lanaldia luzatu nahi dute Iowan, sei orduraino. Bestalde, orain arte eurentzat debekatuta zeuden hainbat lanetan eta sektoretan jardutea legeztatu nahi dute.
2023eko apirilaren 20
Haurrak ere soldatapean lanean aritzea erraztu nahi du Iowako Senatuak

Polemika piztu du Iowako (Amerikako Estatu Batuak) Senatuak astearte honetan, errepublikarren babesarekin, onartu duen lege-proiektuak. Haurren soldatapeko lana izan dute eztabaidagai senatariek, eta badirudi are gehiago erraztuko dutela 14 eta 17 urte arteko adingabeek lan egitea. Lege-proiektua onartuko balitz, nerabeak ordu gehiagorako eta sektore gehiagotan kontratatzeko aukera egongo litzateke.

Gaur egun ere legezkoa da 14 eta 17 urte arteko gazteak soldatapean aritzea, lau orduko lanaldiekin. Lege-proiektu berriarekin, baina, lanaldi hori areagotu nahi du Senatuak: nerabeak sei orduz jardutea baimendu nahi du, baita gauez izanda ere. Gainera, orain arte ez zegoen legeztatuta zenbait lanetarako adingabeak kontratatzea, baina "abanikoa" zabaldu nahi dute: esaterako, eraikuntzan, muntatze-kateetan edota hainbat makineriaren erabileran nerabeak aritzea onartu nahi dute.

Konkretura eramanda, adibidez, legeztatu egin nahi dute 14 urteko gazteek gauez sei orduko lanaldiak izatea, 15 urtekoak muntzatze-lerroetan jardutea edota 16 eta 17 urtekoek jatetxeetan alkoholdun edariak zerbitzatzea. Azkeneko horiek, bestalde, helduenak bezain lanaldi luzeak edukiko dituzte lege-proiektua onetsiz gero. Hori gutxi balitz, 14 urteko adingabeei lanerako gidabaimenak ematea aztertuko dute.

Senatari errepublikarren esanetan, adingabeek gaztetatik hainbat lan-gaitasun eskuratzea ahalbidetuko du lege-proiektuak, baita nerabeek "auto bat erosteko, graduaziorako soineko bat erosteko edo udako kanpamentu batera joateko aurreztea" ere. Orain, Ordezkarien Ganberak onartu beharko ditu proposaturiko neurri berriak.