AKTUALITATEA / Soldata sistema
Hartzekodunen konkurtsoan sartu dute Errenteriako Papresa fabrika
Langileek otsailean ekin zieten lanuzteei, zuzendaritza lantegia saltzeko aukera aztertzen ari zela salatzeko. Extremadurako CL Grupo Industrial enpresak egin omen du fabrika erosteko proposamen bat. 220 langile dira.
2026eko apirilaren 24 - 08:55
Hartzekodunen konkurtsoan sartu dute Errenteriako Papresa fabrika
— ARGAZKIA @HerriBizia

Aste honetan jakinarazi dute Errenteriako (Gipuzkoa) Papresa paper-fabrikako zuzendaritzak borondatezko hartzekodunen konkurtsora sartu duela enpresa, zor handiak pilatu dituena antza. Itxura denez, Extremadurako CL Grupo Industrial (Cristian Layrekin lotura duena antza) konpainiarekin negoziazioetan aritu da Papresako zuzendaritza, eta horren ostean jo du konkurtsora. Badirudi lantokia erosteko proposamen lotesle bat egin duela CL Grupo Industrialek.

Europa Press-en arabera, PFK Attest konkurtso-administratzaile izendatu du Donostiako Instantzia Auzitegiko Merkataritza Arloko Atalak, eta Errenteriako fabrikaren kontrola galdu du jada orain arteko jabeak, Quantum funtsak. Otsailean jada, ziurgabetasuna nagusitu zen Papresako langileen artean, prentsak argitaratu ostean lantegia saltzeko aukera aztertzen ari zela enpresa-zuzendaritza eta 110 behargin arriskuan egon zitezkeela. Lanuzteak hasi zituzten egoera salatzeko, hain zuzen ere. Orain, azken berriekin, ikusteke dago zein izango diren hurrengo urratsak. Momentuz, egoera aztertzen ari da langile-batzordea. 220 langilek osatzen dute plantilla.

Papresaren salmenta posibleari buruzko lehen berriak izan zirenean, Algeposarekin sinatutako kontratua bukatutzat eman zuen Papresak. Horren ondorioz, Errenteriako fabrikan jarduten zuten hamasei langileak kaleratu zituen Algeposak.