AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Hainbat eraso matxista salatu dituzte Basaurin, Iruñean eta Leioan
Sexu-erasoak jasan izana salatu dute bi emakumek Basaurin eta Leioan. Nafarroako Musika Kontserbatorioan, gainera, hiru irakasle salatu dituzte hainbat ikaslek, jazarpen sexistagatik.
2024eko azaroaren 26
Hainbat eraso matxista salatu dituzte Basaurin, Iruñean eta Leioan
— ARGAZKIA EITB

Aurreko ostiralean, sexu-eraso bat egin zioten emakume bati Leioan (Bizkaia). Ordu gutxira aurkeztu zuen salaketa bat neskak, eta adin txikikoa da hainbat iturriren arabera. Hurrengo egunean, larunbatean, Basaurin (Bizkaia) eraso zioten beste emakume bati. Ez da atxiloketarik egon oraindik, ez kasu bati ez besteari lotuta.

Iruñean (Nafarroa), bestalde, hiru gizonezkok egindako erasoen berri eman dute oraintsu. Nafarroako Musika Kontserbatorioko irakasleak dira hirurak, eta hainbat ikaslek jasan dituzte euren eraso sexistak. Irakasleetako batek sare sozialen bidez jazarri ditu ikasleak, besteak beste, sexu-proposamenak eginez.

Bigarrenak eta hirugarrenak, berriz, komentario sexistak egin izan dizkiete ikasleei klasean. "Ikasle honek eskote hori jartzen du bularrak begira diezazkiodan", "Hain polita den ikasle hau nire neska-laguna izan zitekeen" eta abar esan izan ditu haietako batek, eta antzeko iruzkinak egiteagatik kanporatu zuten bestea, orain dela urte batzuk. Zentrora itzuli da orain, berriz ere eskolak ematen hasteko.