AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Hainbat emakumeri eraso diete asteburuan Urduñan eta Gasteizen
Urduñako Otxomaio jaietan, hainbat emakumeri egin zizkieten ukituak bi gizonek. Gasteizen, emakume bati sexu-erasoa egin zion gizonezko batek, eta beste emakume bati eraso zion bere bikotekideak.
2023eko maiatzaren 8
Hainbat emakumeri eraso diete asteburuan Urduñan eta Gasteizen
— ARGAZKIA Luisan Garcia

Urduñan (Bizkaia), Otxomaio festen ospakizunean, zenbait emakumeri eraso diete bi gizonezkok joan den asteburuan. Zehazki, larunbat gauean jakinarazi zuten hainbat emakumek ukituak egin zizkietela bi gizonek, eta, salaketak jarri ostean, atxilo eraman zituzten bi erasotzaileak. Herriko jai-guneetako batean izan ziren erasoak.

Gasteizen (Araba), bestalde, bi eraso matxista atera dira argitara asteburuan. Larunbatean, Zaramaga auzoko etxebizitza batean eraso zion emakume bati 44 urteko gizon batek: ukituak egin zizkion, eta bortxatzearekin mehatxatu zuen. Etxetik alde egin zuen gero erasotzaileak, eta orduan eskatu zuen laguntza emakumeak.

Igandean, Adurtzako etxebizitza batean, beste emakume bati eraso zion bere mutil lagunak, liskar baten ondoren. 21 urte ditu erasotzaileak.