AKTUALITATEA / Errepresioa
Gutxienez bi atxilotu izan dira bart Iturraman
Atxilotuak aska ditzatela exijitzeko, protesta batera deitu dute gaur arratsalderako, 19:00etan Nabarrerian.
2025eko urriaren 31
Gutxienez bi atxilotu izan dira bart Iturraman

Atzo arratsaldean, Nafarroako Unibertsitatera bertaratzekoa zen Vito Quiles agitatzaile faxista. Probokazio horri aurre egiteko asmoz, kontramobilizazio bat antolatu zuten 17:30erako, eta faxismoaren aurkako deialdiari esker, bere bisita bertan behera utzi behar izan zuen Quilesek. Ez zen ausartu campusera hurbiltzera.

Dena den, hamar bat probokatzaile faxista bildu ziren bertan arratsaldean. Faxismoaren aurka mobilizatu zirenak, baina, ehunka izan ziren, eta haien aurka kargatu zuen Espainiako Poliziak. Kargak izan ziren campus osoan zehar eta Iturrama auzoan barrena, eta hainbat hedabidek gerora jakinarazi dutenez, gutxienez bi pertsona atxilotu zituzten polizia-indarrek.

Atxilotuen askatasuna aldarrikatzeko, protesta batera deitu dute gaur arratsalderako: 19:00etan izango da, Iruñeko Nabarreria Plazan.