AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Grebari eusten diote Naipes Fournier enpresako langileek
Soldatak Kontsumorako Prezioen Indizea adina igotzea eskatzen dute beharginek. Hiru greba egun egin dituzte eta, sindikatuen arabera, azkenengo deialdian langileen %90ek parte hartu du lanuztean.
2022eko azaroaren 17
Grebari eusten diote Naipes Fournier enpresako langileek
— ARGAZKIA Gasteiz Hoy.

Hirugarren greba eguna izan zuten atzo Gasteizko (Araba) Naipes Fournier enpresako langileek eta, ELA sindikatuaren arabera, parte-hartzea zabala izan zen: "ekoizpeneko langileen %90 inguruk" parte hartu zuten lanuztean. Beharginek duela astebete ekin zieten lanuzteei, izan ere, langile batzordeak, zuzendaritzak eta Lan Ikuskaritzak eginiko bileran ez zuten adostasunik lortu.

Enpresako zuzendaritzaren "proposamen eskasaren" aurrean, grebara jotzeko erabakia hartu zuten. Aldarrikapen nagusia soldatak Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) adina igotzea da, hurrengo bi urteetan. Zentzu horretan, 2013tik "oinarrizko soldataren %3ko igoera besterik ez" dutela jaso azpimarratu dute sindikatuek.