AKTUALITATEA / Greba
Grebari ekin diote Barakaldoko BMko langileek
Barakaldoko BM supermerkatua itxi nahi du Superberriak enpresak, kate berdineko beste hainbat saltokirekin batera. Hiru egunez egongo dira greban Barakaldoko saltokiko hamabi langileak.
2022eko irailaren 14
Grebari ekin diote Barakaldoko BMko langileek
— ARGAZKIA ELA

Superberriak enpresak berriki jakinarazi du hark kudeatzen dituen BM kateko hainbat saltoki zarratuko dituela Hego Euskal Herrian; hain zuzen, Amurriokoa (Araba), Barakaldokoa (Bizkaia), Bilboko (Bizkaia) Alde Zaharrekoa, Laudiokoa (Araba) eta Ugaokoa (Bizkaia). Barakaldoko denda, hain zuzen, Roxima izeneko frankiziarena da; BM taldearen parte da Roxima.

Orotara hamabi beharginek jarduten dute Barakaldoko BM dendan, eta lantokiaren itxieraren eta plantila osoaren kaleratzearen aurrean, grebara jo dute gaur. Bihar eta ostiralean ere greba egingo dute, eta zuzendaritzaren erabakia aldatzen ez bada, mobilizazioekin jarraituko dutela adierazi dute. Denda aurrean egin dute protesta gaurkoan.

Amurrioko, Bilboko, Laudioko eta Ugaoko saltokietan, berriz, 70 langile aritzen dira guztira; guztiak daude kaleratuak izateko arriskuan.