AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Grebara jo dute berriro SDA Factory enpresako langileek
Aurreko bi egunetan greba egin dute Gasteizko (Araba) SDA Factory enpresako beharginek. Datozen asteetan ere lanuzteak egingo dituzte asteazkenetan eta ostegunetan, langile guztientzako hitzarmen duin bat lortzea helburu.
2020eko azaroaren 13
Grebara jo dute berriro SDA Factory enpresako langileek

Aurreko asteko lanuzteen ostean, aste honetan bi egunez egin dute greba SDA Factory enpresako langileek Gasteizko (Araba) fabrikan. Jarraipena ia erabatekoa izan da, eta hurrengo asteetako asteazkenetan eta ostegunetan ere grebara joko dute, langile guztientzako hitzarmen duin baten alde.

Lan hitzarmen propioa ezarri beharrean, metalgintza sektoreko lan hitzarmena aplikatzen hasi da enpresa, kontratazio berrietan. Modu horretan, eta langile berrien lan baldintzei dagokienez, beharginek salatu dute eskala bikoitza sartu duela indarrean zuzendaritzak. Hala, langile guztientzako berdina izango den hitzarmen duin baten alde ari dira borrokan.

Langile batzordeak zuzendaritzako kideei leporatu die, aurretiaz, negoziazioa baldintzatu eta greba desitxuratu izana. Izan ere, negoziazio mahaia utzi zuten, langileek grebara deitu zutenean. Aste honetan, zehazki, biltzeko prest agertu da zuzendaritza, beti ere, beharginek grebari amaiera ematen badiote. Haiek, ordea, adierazi dute ez daudela prest batzarrak mehatxu artean berrartzeko.