AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Greban jarraitzen dute Bilboko Portuko zamaketariek
Bilboko Portuko zamaketariek urriaren 9an hasi zuten greba eta, printzipioz, abenduaren 9ra arte luzatuko dute. Langileek enpresaren mehatxuak, negoziazioen blokeoa eta Poliziaren presioa salatu dituzte agerraldi publiko batean.
2020eko azaroaren 19
Greban jarraitzen dute Bilboko Portuko zamaketariek

Asteartean, azaroak 17, egin zuten agerraldia Bilboko (Bizkaia) Portuko zamaketariek, grebaren inguruan. Bertan, negoziazioa geldirik egotea leporatu zieten enpresei, bai eta euren aurkako "difamazio eta albiste faltsuak" zabaldu izana ere.

Negoziazioa irekitzearen truke, greba bertan behera uztea eskatzen zuten enpresek, eta hori ez ezik, saiakera horiek mehatxupean egin zirela salatu zuten langileek: esaterako, 320 langile finkoen CPE elkartea desegiteko asmoa erakutsi zuen Bilbo Estibak, eta horrez, hamabi urtez behin-behineko kontratuak izan dituztenen poltsa historikoko zamaketariei "eraso" egin zien enpresak. Ertzaintzaren presentzia ere salatu zuten, nabarmena izan baita polizia-autoen agerpena.

Gutxieneko zerbitzuetan hainbat aldaketa lortu dituzte langileek: %100eko gutxieneko zerbitzuak zamaketa arriskutsuetara mugatu dituzte eta, aitzitik, %50ekoak izango dira beharrezko merkantzien eta merkantzia iragankorren zamaketan.