Greba orokorra Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herriko sindikatu nagusiek greba orokorrera deitu dute gaurko, 1.500 euroko gutxieneko soldata eskatzeko, eta, azken hileetan, deialdiarekin bat egin dute hainbat eragile sozialek eta politikok. Goizean, han-hemenka izan dira piketeak eta aldarrikapen-ekintzak, eta manifestazioak ere egin dituzte lau hiriburuetan; bai sindikatu nagusiek antolatutakoak, bai beste kolektibo eta sindikatu batzuek kapitalismoaren aurka deitutakoak.

Aurreneko orduan jarri dira martxan piketeak, eta hainbat bide-mozketa egin dituzte: Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) Pasaiako Portuko eta Trintxepeko sarrera moztu du, eta bat egin dute portuko langileek; Gasteizen Gamarrako Atea eta Cantabrico Hiribidea itxi dituzte hainbat grebalarik, armagintzan jarduten duen Aernnova enpresa seinalatzeko; Bilboko, Gasteizko nahiz Leioako unibertsitateetako hainbat eraikin zarratu dituzte ikasleek; Bilbon, Andoaingo N-1 errepidean zein Mutiloan bide-mozketak egin ditu LABek, eta Berriozarrerako sarrera blokeatu du CNTk, besteak beste. Bestalde, EHKS eta CNTk eserialdi bat egin dute Santurtziko portuan, arma-industria salatzeko, eta Bilboko amarratzaileei elkartasuna adierazi diete bertan. Horrez gain, atzo greba mugagabea hasi zuten Amurrioko Tubos Reunidoseko beharginek, eta azken asteetan egin duten modura, lantegi pareko zubian elkarretaratu dira gaur.

Goiz osoan zehar aritu dira piketeak grebara batzeko deia zabaltzen: esku-orriak, margoketak, auto-karabanak eta beste ikusi dira Hego Euskal Herri osoan barrena, eta hainbat enpresa eta erakunde seinalatu dituzte langile-klasearen miseriaren erantzule modura. Gasteizen, esaterako, EHKS eta CNTren piketeetan jomugan hartu dituzte ostalaritzako patronala, Adecco eta Ranstad Aldi Baterako Lanerako Enpresak (ETT) eta Vitas eta ASPY mutualitateak; Iruñean, CEN patronalaren egoitzaren aurrean bildu dira EHKS, Solidari, CGT eta CNTren piketeak, eta Segurtasun Sozialeko Institutu aurrean egin dute errepide-mozketa bat; Bilbon, Petronor markatu dute hainbat gasolindegitan; eta Barakaldon, Megaparken barrena sartu dira CNTren piketeak, Mercadonaren kaleratzeak eta eskubide sindikalen aurkako erasoak salatzeko.

Hainbat tokitan, piketeen aurka oldartu dira polizia-indarrak. Iruñerrian, Segurtasun Sozialeko Institutu aurrean nahiz Txantrean jo dute manifestarien kontra; Ezkerraldean, Campillo industrialdean; eta Bilbon, EHKSren piketeei jazarri diete Abandoko geltokitik irten direnean eta Teknikariok sindikatuko kide bat atxilotu dute eguerdian. Ertzaintzak egunari buruz egindako balantzea jaso du elDiario.eus-ek, esate baterako: EAEn 177 esku-hartze egin dituzte ertzainek, hiru atxilotu eta 165 identifikatu izan dira, eta lau pertsona zauritu dituzte.

Kapitalismoaren aurkako manifestazioak hiriburuetan

Gaurko mobilizazioen barruan, kapitalismoaren kontrako manifestazioak izan dira hiriburuetan. EHKSk antolatu ditu Bilboko eta Donostiako mobilizazioak, Kapitalisten ofentsibaren aurrean, klase-borroka hedatu aldarritzat hartuta. 11:00etan hasi da Donostiako manifestazioa, Bulebarretik; eta ordu-erdi beranduago Bilbokoa, Arriagatik.

Gasteizen, berriz, elkarrekin prestatu dute mobilizazio bat EHKSk eta CNTk, Frente a la ofensiva capitalista, langileok borrokara! lelopean. 11:00erako ipini zuten hitzordua, Andre Mari Zuriaren Plazan. Iruñean ere batera egin zuten deialdia EHKSk eta Nafarroako hainbat sindikatuk, hain justu, CGT, Solidari eta CNTk berak. 11:30ean hasi da manifestazio hori, Errekoleten Plazatik, Condiciones de vida y de trabajo dignas. Kapitalismoari aurre egin aldarriaren pean. Hainbat kolektibok egin dute bat protestarekin; Dar Etxea, Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS), Antikapitalistak, PIM, Gazte Komunistak, Gerrarik Ez, Sustrai Erakuntza, Iruñerriko Laneko Autodefentsa Sarea (LAS), Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista eta hARITUk, zehazki.

Sindikatu nagusien manifestazioak

Eguerdian, 12:30ean hasita, Hego Euskal Herriko sindikatu nagusiek (ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru) antolatutako mobilizazioak izan dira Bilbon, Donostian, Eibarren, Gasteizen, Iruñean eta Tuteran. Gutxieneko soldata hemen erabaki. SMI 1.500 euros lelopean mobilizatu dira milaka pertsona, eta zutabeak ere izan dira hainbat sektoretan eta lantegitan manifestazioen aurretik. Arratsaldean, bestelako egitarauak eta mobilizazioak izango dira herri ugaritan.

duela 2 aste 2026/03/17 20:43

EAEn 177 esku-hartze egin dituzte ertzainek egunean zehar, hiru atxilotu eta 165 identifikatu izan dira, eta lau pertsona zauritu dituzte.

duela 2 aste 2026/03/17 14:19

ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek antolatuta, 1.500 euroko gutxieneko soldata eskatzeko manifestazioak izan dira eguerdian  Bilbon, Donostian, Eibarren, Gasteizen, Iruñean eta Tuteran.

duela 2 aste 2026/03/17 13:24

Bilbon, Teknikariok sindikatuak salatu du Ertzaintzak kide bat atxilotu duela 12:00ak aldera, "greba egun batean protestarako eskubidea erabiltzen ari zela".

duela 2 aste 2026/03/17 12:08

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izan dira kapitalismoaren aurkako manifestazioak, EHKSk eta hainbat sindikatuk deituta; CNTk Gasteizen, eta Solidari, CGT eta CNTk Iruñean.

Argazkian, Bilbo.

duela 2 aste 2026/03/17 10:01

CNTren eta EHKSren piketeak Gasteizen zehar. Ostalaritzako patronala, Adecco eta Ranstad ETT-ak, eta Vitas eta ASPY mutualitateak seinalatu dituzte. 11:00etan hasiko da elkarrekin egingo duten manifestazioa, Andre Mari Zuriaren Plazatik.


duela 2 aste 2026/03/17 09:46

Bilbon, piketeetan parte hartzen ari ziren dozenaka pertsona gelditu eta identifikatu ditu Ertzaintzak Abandoko geltokitik irtetean.

duela 2 aste 2026/03/17 09:12

Tentsio-uneak Iruñean. Segurtasun Sozialeko Institutu aurrean bidea moztu dute CNT, CGT, Solidari eta EHKSren piketeek, eta haien aurka bultzaka oldartu da Espainiako Polizia.

duela 2 aste 2026/03/17 09:04

Barakaldoko Megaparken, piketeak egin ditu CNTk, Mercadonak ezarritako kaleratzeak eta eskubide sindikalen aurkako erasoak salatzeko. Babesa eman die EHKSk.

duela 2 aste 2026/03/17 08:40

Iruñea: CGT, CNT, Solidari eta EHKSren piketeak CEN patronalaren egoitza aurrean.

11:30ean hasiko da elkarrekin antolatu duten manifestazioa, Errekoleten Plazatik.


duela 2 aste 2026/03/17 08:28

Andoain: 07:00ak aldera, N-1 errepidea moztu dute hainbat grebalarik 'Gutxieneko soldata 1.500' lelopean, trafikoa ia ordubetez geldituz. LABek eman du ekintzaren berri.

Bilbon ere, hiriko hainbat sarreratan egin dituzte bide-mozketak goizeko lehen orduan.

duela 2 aste 2026/03/17 08:18

Bilbo: San Inazioko greba-batzordeko piketeak kotxe-tokietara bertaratu dira goizean goiz, eta Ertzaintzak jazarri ditu.

Bestalde, Iberdrola eta Petronor seinalatu ditu EHKSk hiriko hainbat gunetan, langileriaren miseriaren erantzule modura.


duela 2 aste 2026/03/17 08:07

Goizean goiz, unibertsitateko hainbat eraikin itxi dituzte ikasleek, besteak beste Bilbon, Gasteizen eta Leioan.

duela 2 aste 2026/03/17 07:37

Pasaiako Portuko eta Trintxerpeko sarrera moztu du EHKSk, 'Kapitalisten ofentsibaren aurrean, klase-borroka hedatu' lelopean. Portuko langile-batzordea ere batu da mozketara. 09:00etan Donostiako Bulebarretik abiatuko diren piketeetara batzera deitu du EHKSk.

duela 2 aste 2026/03/17 07:27

Auto-karabanak Goierrin eta Urolan, grebara batzera deituz. EHKSk 11:00etan Donostian egingo duen manifestaziora bidean dira.

duela 2 aste 2026/03/17 06:35

Mutiloako industrialdean, porlanezko bidoiekin moztu dute errepidea LABeko hainbat kidek. Duela minutu gutxi, grebalariak errepidetik kendu ditu Foruzaingoak.

duela 2 aste 2026/03/17 06:02

Santurtziko portuan, arma-industriaren aurkako eserialdia egiten ari dira CNT eta Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS). 'Gerra inperialistaren aurka, klase-borroka hedatu'.

duela 2 aste 2026/03/17 05:42

Gasteizen, Gamarrako Atea eta Cantabrico Hiribidea moztu dituzte grebalariek, armagintzan jarduten duen Aernnova enpresa seinalatzeko. 'Gerra inperialistaren aurka, langileok borrokara'.

duela 2 aste 2026/03/17 05:20

Amurrioko Tubos Reunidosen atzo ekin zioten greba mugagabeari, 301 kaleratzeen eta altzairutegiaren itxieraren aurka. Aldarri horiek eta greba orokorrerako deia bateratuta, piketeak goizean goizetik daude martxan; lantoki pareko zubian elkarretaratu dira langileak, hainbat lagunen babesarekin.