AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Greba mugagabera joko dute Arcelor Mittaleko langileek, kaleratzeen kontra
Enpresak apirilean azaldu zuen 40 bat langile kaleratzeko asmoa duela Legasan eta Agurainen, eta amaitu da espedienteari buruzko kontsulta-aldia, akordiorik gabe.
2025eko ekainaren 27
Greba mugagabera joko dute Arcelor Mittaleko langileek, kaleratzeen kontra
— ARGAZKIA Acermetal

Arcelor Mittal multinazionalak Legasan (Nafarroa) eta Agurainen (Araba) dituen lantegietako beharginek uztailaren 1ean hasiko dute greba mugagabea, enpresako zuzendaritzak ezarri nahi duen enplegu-erregulazioko espedientearen aurka. Izan ere, ekainaren 23an amaitu zen espedientearen inguruko kontsulta-aldia, eta ez da aldeen arteko akordiorik izan. ELA sindikatuaren esanetan, enpresak ez ditu espedientea aplikatzeko "kausak justifikatu".

Apirilaren bukaeran, Legasan eta Agurainen 40 bat behargin kaleratzeko asmoa erakutsi zuen enpresa-zuzendaritzak, espediente baten bidez; horri lotuta azaldu zuen Agurainera tokialdatu nahi duela Legasako ekoizpena.